Elkarrizketari, bakeari, bizitzari eta burujabetzari aldarria
Gernika Bartzordeak gerraren kontrako eta bizikidetzaren aldeko batasun mezua aldarrikatu du Gernika-Lumoko Merkatu Plazan
Gernika Batzordeak antolatuta, gerraren kontrako mezua zabaltzeko elkarretaratzea egin dute gaur, 12:30ean hasita, Gernika-Lumoko Merkatu Plazan. Gernika-Lumoko nahiz inguruko udalerrietako hainbat lagun batu dira elkarretaratzera, Errusia eta Ukrainaren arteko gerra ardatz hartuta, munduko edozein gatazka armaturen kontrako mezua hedatze aldera eta, horregaz batera, gerra egoeran dauden herriei zein herritarrei elkartasuna erakutsi asmoz. Gernika Batzordeko kideek, halaber, manifestu bat irakurri dute euskaraz nahiz gaztelaniaz, Pablo Picassoren Guernica artelanaren koloredun imitazio baten aurrean atondutako gunean. Margolan hori, hain zuzen ere, 90eko hamarkadan egin zuten “hainbat belaunalditako” hamabi egilek; autoreetako bakoitzak lanaren zati jakin bat egin zuen, eta horregatik du collage tankera. Halaber, sarritan baliatu izan dute obra hori, gatazka armatuak salatzeko ekimenak egin izan dituztenetan, kasurako, 2003an zein 2010ean.
Zenbakiak zenbaki dira. Ez dira ez sentimendu, ez bizitza, ez askatasun, ez eskubide, ez itxaropen
Errusia eta Ukrainaren arteko gatazka mundu mailakoa izanik ere, hurretik urrunerako ikuspuntuaz abiatu dute bakearen aldeko gaurko ekimena. Gernikako, Otxandioko edota Durangoko bonbardaketak izan dituzte hizpide, egun, “itxura bereko basakeriak” gertatzen ari direla adierazteko. Manifestua irakurri duten Gernika Batzordeko bi kideek “zenbakiak zenbakiak dira” esanez abiatu dute beraien parte-hartzea. Horregaz, edozein gerratako biktima zibilen “izaera zehaztugabeaz” mintzatu dira, baina adierazi dute zenbaki ororen atzean “ardura duten bizitzak” ezkutatzen direla. Inguruko gerra esperientzietatik abiatuta, Siria, Yemen, Palestina, Sahara, Kurdistan, Afganistan eta, jakina, Ukrainako ereduak izan dituzte ahotan hizlariek; era berean, gatazka armatu horien “ondorio zuzena” diren errefuxiatuez ere berba egin dute, besteak beste, “Bidasoa ibaiko harresian” bizitza galdutakoez. Horren aurrean, Gernika Batzordearen hautua argi eta garbi utzi dute: “Herritar horien guztien bizitzek dute garrantzia, eta herri horiek guztiek merezi dute bakea”.
Albo kalteak. Manifestuan azaldu dutenaren arabera, emakumeak gerrak beregain dituen ondorioak “zuzen-zuzenean” jasaten dituzte: “Zapalkuntza erantsia pairatzen dute, eta bigarren mailan lotuta geratzen dira”. Ildo horretan, “gizonezkoek egindako gerrak” azpimarratu dituzte, “beren nagusitasun historiko eta hetero-patriarkala sustatzeko”. Gatazka horien aurrean, lau ertzeko aldarria egin dute: elkarrizketa, bakea, bizitza eta burujabetza. Amaitzeko, Errusia eta Ukrainaren arteko gerrari zuzenean begira jarri dira, eta zenbait eskakizun aireratu dituzte. Batetik, erasoen aurrean, gerra bertan behera uztera; bestetik, soldaduak beren jatorrizko herrialdeetara itzultzea. Horrez gain, tankera horretako gatazkak elkarrizketaren bitartez konpontzeko dinamikak abian jartzea eta herrien zein bizitzen burujabetza errespetatzea eskatu dute, “Euskal Herriak gerrari ezetz” esaten diola nabarmenduz.
Argazki guztiak hemen.