Gaitasun iraunkorrak bultzatzeko zereginetan txapeldunak dira Seber Altubekoak
Seber Altube Ikastolako Antxetak taldeko ikasleak izan dira Zuk Zeuk lehiaketako garaileak. Ikastolako lau talde aurkeztu dira, eta 3.730 euroko saria lortu dute guztien artean. Bermeoko Sagrado Corazon ikastetxeko Txiribueltak eta Lotsabakoak taldekoek, berriz, 1.810 euroko saria eskuratu dute.
Erronka ezberdinak baliatuta, garapen iraunkorrerako helburuak modu aktiboan landu dituzte Gernika-Lumoko Seber Altube Ikastolako eta Bermeoko Sagrado Corazon Ikastetxeko ikasleek Zuk Zeuk lehiaketan, eta txapeldunak izan dira gernikarrak.
Seber Altube Ikastolako lau taldek parte hartu dute lehiaketan, eta Antxetak taldekoak izan dira garaileak. Hondarrak izenekoek eskuratu dute lehiaketako bigarren postua, eta laugarrenean sailkatu dira Triku taldeko kideak. Seigarren postua Saizar taldeko ikasleentzat izan da. Gernikarrek, guztira, 3.730 euroko saria lortu dute.
Bermeoko Sagrado Corazon Ikastetxekoek, berriz, 1.810 euroko saria eskuratu dute lehiaketan izandako parte hartzeagatik. Bermeotarren bi taldek parte hartu dute lehiaketan: Txiribueltak eta Lotsabakoak. Txiribueltak bosgarren postuan gelditu dira sailkapenean, eta Lotsabakoak zazpigarrenean.
Joan den barikuan egin zuten bi hilabetez aurrera eraman duten Zuk Zeuk Lehiaketako ospakizuna, eta eskualdeko ikasleen parte hartzea “zoriontzekoa” izan dela adierazi dute antolatzaileek.
Ospakizunak formatu berritzailea izan zuen, gazte talde bakoitza bere ikastetxean egon baitzen fisikoki, baina beste taldeekin konexioak edota probak egin zituzten.
500 parte hartzaile. Bizkai, Araba eta Gipuzkoan landu den lehiaketa izan da Zuk Zeuk, 500 parte hartzaile eduki dituena. Prozesu guztian zehar Garapen Iraunkorreko Helburuak lantzea izan da asmo nagusia, dinamika ezberdinak burutu dituzten bitartean. Txapelketak propostutako jardueretako batzuk bitxikeriei buruzkoak izan dira, beste batzuk akziora bideratutakoak, eta inspirazioko eta elkartasuneko jarduerak ere izan dituzte.
Zehaztu dute garapen iraunkorreko gaiak jorratu dituztela, eta horietako lau azpimarratu dituzte. Elkartasunaren garrantzia azaleratu eta haien egunerokotasunean elkartasunez jokatzen jarraitzeko ekintzak landu dituzte, baita Euskal Herriko naturguneek, espezie autoktonoek, biodibertsitateak eta altxor naturalek gizartean duten garrantzia jorratu ere; horietako bakoitzak zein funtzio betetzen dituen aztertu dute. Kontsumo ohituren garrantziaz ohartu dira, baita mugikortasun iraunkorrerantz pausuak emateko garrantziaz ere.