Badator Bermeoko bosgarren erakusleiho lehiaketa
Bermeoko Udalak bosgarren erakusleiho lehiaketa antolatu du, eta gaia udaberria izango da. Izena eman gura duten dendek apirilaren 6ra arte egin ahalko dute.
Herria udaberriz jantzi asmoz, udaberria izango da Bermeoko Udalak antolatu duen bosgarren erakusleiho lehiaketako protagonista nagusia, iazko modura. Hala, lehiaketan parte hartu gura duten dendek horren arabera apaindu beharko dituzte erakusleihoak.
Lehiaketa maiatzaren 2tik 16ra bitartean izango bada ere, horretan parte hartu gura duten establezimenduek izena eman beharko dute aurretiaz, eta apirilaren 6a (eguaztena) izango da horretarako azken eguna.
Jakitera eman dutenez, kanpoaldera ematen duen erakusleihoren bat daukaten herriko dendek parte hartu ahalko dute. Izena emateko Bermeoko Udalak bere webgunean (www.bermeo.eus) duen eskaera orria bete eta udalaren egoitza elektronikoaren bidez entregatu beharko da.
Aurten ere, hainbat sari banatuko dituzte; iazko modura, 2.000 euro banatuko dituzte saritan.
- Herritarren bozketen saria, 500 euro. Adin nagusiko bermeotarrek parte hartu ahalko dute. Datu pertsonalekin eskuorri bat bete beharko dute. Orri horretan parte hartuko duten denda guztiak egongo dira zerrendatuta eta herritarrek, gutxienez, 20 zigilu lortu beharko dituzte. Helburua da herritarrek ahalik eta gune gehien bisitatzea. Eskuorria beteta, Gizarte eta Kultura Etxean, Berhaz bulegoan edo Behargintzan entregatu beharko dute maiatzaren 2tik 14ra.
- Negoziotik kanpoko profesionalek egindako erakusleiho onenari, 500 euro. Establezimenduek kanpoko profesional bat kontratatu ahalko dute erakusleihoa apaintzeko. Hori bai, aurretik adierazi beharko dute kategoria horretan parte hartzen dutela.
-
Negozioetako langileek edo jabeek apaindutako erakusleiho onenari, 500 euro. Establezimenduko jabeek edo langileek egindako erakusleihoak izango dira.
Udal arduradunek azaldu dutenez, azken bi kategorietako sariak epaimahai profesional batek emango ditu eta honako irizpideak kontuan hartuko dituzte: irudi komertziala eta produktuaren aurkezpena, eszenaratzearen eta lanen akaberen kalitatea eta azken emaitza, originaltasuna eta eraginkortasuna.
Herritarrek ere 500 euroko saria eskuratzeko zozketa batean parte hartu ahalko dute, baldin eta eskuorria bete eta entregatu badute. Dirua ekimen honetan parte hartzen duten dendetan gastatu beharko dute maiatzaren 28a baino lehen.
Ekimenaren helburua da herriko saltokiei laguntza eskaintzea, bertoko kontsumoa sustatzea eta erakusleihoak apaintzea. Bermeoko Turismo eta Komertzio zinegotzi Kepa Zumetak saltokietako jabeak animatu ditu lehiaketan parte hartzera: “Uste dugu ekimen honek oso harrera ona duela herrian eta seguru nago aurten ere erakusleiho landuak ikusteko aukera izango dugula”.