Alde Zaharreko jabe komunitateen erregistroa egiteko eskatu du Guzanek
Guzanek dio udalaren ardura dela erregistroa eta diagnistikoa egitea, eta eskaera onartu eta bideratuko dutela adierazi zuen Aritz Abaroa Bermeoko alkateak.
Bermeoko Alde Zaharreko eraikinetan jabe komunitateekin “arazo sakona” dagoela gogoratu zuen Guzanek joan den asteko osoko bilkuran. Hori dela eta, jabe komunitateen erregistro bat egiteko eta Alde Zaharrean azken urteetan gauzatu diren eraikinetako estrukturak hobetzeko obren diagnostikoa egitea eskatu zuen Miren Gabantxo Guzaneko kideak: “Alde Zaharreko jabe komunitateen erregistroa egitea eskatzen dugu, halakorik ez daukagulako. Berualak ez dauka. Gainera, Alde Zaharrean azken urteetan egin diren eta egingo diren obren datu base bat edota diagnostikoa egitea ere beharrezkotzat ikusten dugu. Uste dut 2001etik gaur egungora arteko datuak lor daitezkeela”.
Gabantxok dio udalaren ardura dela erregistroa eta diagnistikoa egitea, eta eskaera onartu eta bideratuko dutela adierazi zuen Aritz Abaroa Bermeoko alkateak barikuan. Izan ere, Alde Zaharreko jabe komunitateak antolatu ezin izatea “sakoneko arazoa” dela dio Gabantxok, eta udal modura konpondu beharreko kontua dela uste du: “Ahaztu egiten zaigu, baina Bermeoko Alde Zaharra ondare historikoa da. Lagundu egin behar dugu arazo juridiko hori konpontzen”.
Guzanentzako “garrantzitsua” da erregistroa egitea: “Horri esker jakin genezake ze eraikinek duten jabe komunitate bat eginda eta zeintzuk ez, eta ondorioz, zeintzuk dauden antolatuta obra bat egiteko eta zeintzuk ez”. Izan ere, etxebizitza bat erosterakoan, etxeko paperetan jasota egon behar da zenbatekoa den bakoitzaren parte hartzea komunitatean: “Baina Alde Zaharreko etxeetan ez dago horrelakorik”. Halaber, dagoenerako obrak egin dituzten eraikinen diagnosia egitea “beharrezkoa” dela diote, jakiteko zeintzuk duten estruktura hobetuta eta zeintzuk ez: “Horregatik da garrantzitsua diagnostikoa. Diagnostikorik izan ezean, ezin dugu ezer egin”.
Jabe komunitatea sortuta dutenei Berualak informazio juridikoa eskaini behar dietela gaineratu dute, “jakiteko zer egin behar den edota zer suposatzen duen jabe komunitate bat izateak”.
Idoia Platas EAJko alderdi kideak dio Berualatik laguntza hori ematen zaiela jabe komunitateei: “Beruala ari da horretan, baita jabe komunitateak bultzatzen ere. Ondo ez dauden eraikinetara eta jabe komunitaterik ez dutenetara Beruala joaten da elkarte hori sortzeko esaten. Laguntza bai ematen da, baina ez da derrigortzen”.
Abaroak, bere aldetik, udalaren eskumenak zeintzuk diren aztertu behar dituztela gaineratu zuen osoko bilkuran: “Laguntza ematen da, baina aztertu behar da lege ikuspuntutik udalak zein eskumen dituen holako erabaki bat hartzera derrigortzeko edo ez”.
Hala ere, Guzanek egindako erregistroari buruzko proposamena “interesgarri” deritzola adierazi zuen: “Diagnostikoa egin dezakegu. Diagnostikoa egiterakoan Berualak egindako edo bultzatutako proiektuak agertuko dira. Alde zaharrean diru laguntzak daude eraikinak gaitzeko, eta hori ere tresna bat izan daiteke datu base historiko bat egiteko. Diru laguntza horiek eman diren heinean zelako berrikuntzak egin diren bildu dezakegu. Uste dut elkarregaz egin daitekeela lanketa hori. Proposamena jasoko dugu eta Berualatik bideratuko dugu”.
Alde Zaharra eraberritzeko plana. Alde Zaharreko eraikinetako arazoa oinarri hartuta, 2001etik Bermeoko Alde Zaharra eraberritzeko plan integrala gaur egungo beharretara egokitu beharko litzatekeela ere adierazi dute Guzanekoek: “Plan hori ez dator bat gaur egungo beharrizanekin eta gaur egungo bizitzeko moduagaz. Ez du kontutan hartzen jabe komunitateen arazo arkitektoniko eta estrukturala dagoela Alde Zaharrean. Egoera honek zinegotziei exijitzen digu arazo bat dagoela onartzea, eta lema hartzea. Ze 20 urte baino gehiago pasatu dira, eta arazo hori ez da konpondu”.