Emakumezkoen saskibaloia omenduko dute apirilaren 9ko Miri2lla Egunean
Lointek Gernika Bizkaiaren 25. urteurrena dela eta, talde gernikarra Campus Prometeren kontra arituko da Bilbao Arenan, eta Surne Bilbao Basket Valencia Basketen kontra.
Lointek Gernika Bizkaiaren 25. urteurreneko ekimenak aurrera doaz. Gaur, Miri2lla Eguna aurkeztu dute Bilbao Arenan. Apirilaren 9an izango da egun berezi hori, eta saskibaloi razio bikoitza izango da menuan: 17:00etan Lointek Gernika Bizkaia Campus Prometeren kontra arituko da , eta 20:45ean, aldiz, Surne Bilbao Basket Valencia Basketen aurka.
Gaurko aurkezpen agerraldian, Bilbao Basketeko lehendakari Isabel Iturbek Lointek Gernika Bizkaiak Erregina Kopan berriki egindako lorpenak goraipatu ditu, eta playoffetarako sailkatzea opatu dio Gernika-Lumoko taldeari. Apirilaren 9ko egun bereziari dagokionez, “Bizkaiko goi-mailako saskibaloiaren eguna” bezala definitu du: “Eliteko bi saskibaloi talde gure etxean, Bilbao Arenan, elkartuko gara, emakumezkoen saskibaloiari dagokion balioa aitortzeko”.
Gernika KESBeko presidentea, Gerardo Candina, ere ere ekitaldi horretan izan da, eta Isabel Iturberi emandako erraztasun guztiak eskertu dizkio, Bilboko Udalaren kolaborazioa ahotan izateaz gain. Miribilla klub gernikarraren “bigarren etxearen parekoa” dela adierazi du: “2020ko urtarrilaren 4an, 5.562 ikusle batu genituen emakumezko saskibaloi partidu baten inguruan, eta pareko zerbait egitea gustatuko litzaiguke datorren apirilaren 9an”.
Lizentziadunentzat doako sarrera. Candinak azaldu du eskolako lizentzia zein federaziokoa duten jokalari nahiz entrenatzaile doako sarrera izango dutela apirilaren 9an. Halaber, deialdi berezia egin die “jokatzen duten guztiei”, Miribilla bigarrenez lepo bete ahal izateko. Gernika Lointek Bizkaiaren eta Campus Prometeren arteko partidurako sarreren prezioa 12 eurokoa da bazkideak ez diren helduentzat; 13 eta 17 urte artekoek, berriz, 6 euro ordaindu beharko dituzte, eta, 5 eta 12 artekoek, ordea, 3 euro. Bazkideek beste prezio batzuk izango dituzte eskuragarri: Gernika KESBekoek gehienez hiru sarrera lortu ahalko dituzte, eta bakoitzaren prezioa 5 euroko izango da; prezio berbera ordaindu beharko dute Surne Bilbao Basketeko bazkideek.
Gernika KESBeko bazkideek Surne Bilbao Basketen kontrako norgehiagoka ikusteko parada ere izango dute: sarrerak 10 euroren truke eskuratu ahalko dituzte, eta umeek, aldiz, 8ren truke. Gainontzeko zaleei dagokienez, Bilbao Basketen plataformaren bitartez erosi ahalko dituzte sarrerak.