Unesco Etxeak gazteentzako bi prestakuntza beka emango ditu Urdaibai Biosfera Erreserban
18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutakoak dira bekak, eta hautagaitzak bidaltzeko azken eguna apirilaren 4a izango da; 13:00ak aurretik aurkeztu beharko dira dokumentuak.
Seigarren urtez jarraian, Unesco Etxeak Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren laguntzagaz, ordaindutako bi prestakuntza beka eskainiko ditu gazteek Urdaibaiko Biosfera Erreserban praktikak egin eta prestakuntza jasotzeko.
Beka hauen helburua da Urdaibaigaz lotura duten bi gazteei esperientzia praktiko eta hezigarri bat eskaintzea garapen iraunkorra lantzeko, baita Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren eta UNESCOren MAB Programaren kudeaketan eta funtzionamenduan sakontzeko ere.
Bekak zortzi hilabeteko prestakuntza praktikorako egonaldia eskainiko die gazteei (2022ko maiatzaren 1etik abenduaren 31ra arte), lanadi erdira. Beka jasotzen duten bi gazteek Urdaibaiko Patronatutik egingo dute lan, Busturiko Ekoetxea Urdaibaitik, hain zuzen ere.
Bi gazte bekadunek bekarekin zerikusia duten jardueretan (solasaldiak, mahai inguruak…) parte hartu bejarko dute, eta gainera, Urdaibai Biosfera Erreserbarako Zerbitzuan martxan dauden proiektuetan lagundu beharko dute. Amaitzen dutenean, beka amaierako txostena egin beharko dutela azaldu dute Unesco Etxeatik.
Hautaketa.
Bekadunak aukeratzerako orduan, honakoak izango dituzte kontuan: 18 eta 30 urte bitartean izatea –adin tarte hori beka hasten den egunean izan behar da–, Urdaibaiko Biosfera Erreserbagaz lotura izatea (bizilekua, lana, ikasketak, ikerketa…), garapen iraunkorreko esparruetan prestakuntza edo esperientzia izatea (turismoa, ingurumena, azpiegiturak…), euskara eta ingeles maila altuak edukitzea, eta motibazioa eta komunikatzeko gaitasuna izatea. Zehaztu dutenez, lehentasuna izango dute langabezian daudenek.
Parte hartzeko interesa dutenek mezu bat bidali beharko dute n.viota@unescoetxea.org helbide elektronikora. Mezuak Urdaibai beka izenburua eroan beharko duela zehaztu dute, eta curriculuma, motibazio gutuna eta Urdaibai Biosfera Erreserbarekin lotura bat ziurtatzea duen dokumenturen bat aurkeztu beharko dituzte. Langabezian daudenek, gainera, hori ziurtatzen duen dokumentua ere aurkeztu beharko dute.
Hautagaitzak bidaltzeko azken eguna apirilaren 4a izango da; 13:00ak aurretik aurkeztu beharko dira dokumentuak.