Mundakako Katillotxu FK, Lurraldeko Lehentasunezko Mailako garaile
Santurtzi B taldearen kontra 2-3 gailendu ostean, Lurraldeko Lehentasunezko Maila irabaztea lortu du Mundakako Katillotxu areto futbol taldeak. Ligako azken bi jardunaldiak etxean jokatuko dituzte, Mazusberriren eta Sestaoren kontra.
Mundakako Katxillotxu FK areto futbol taldeak, denboraldi bikaina egin ondoren, Lurraldeko Lehentasunezko Mailako irabazle izatea lortu du. Atzo, Santurtzi B taldearen kontra ziurtatu zuten ligako lehendabiziko postuari eustea, alegia, denboraldi osoan mantendu duten lidertza postuari. Santurtzi Bren aurkako norgehiagoka 2-3 irabazi zuen Mundakako Katillotxuk. Partidua orduko, Mundakako Katillotxukoek Santurtzi Bren aurkako partidua “oso gogorra” izango zela aurreratu arren, azkenean, garaipen oso garrantzitsua erdietsi zuten, zuzeneko arerio baten aurka, gainera. Izan ere, Santurtzi B taulako bigarren sailkatua da, talde mundakarraren atzetik. Etxean jokatutako partidua ere ozta-ozta irabazi zuten: 4-3 gailendu zitzaion Santurtziko taldeari.
Modu oso sendoan hasi zuen Mundakako taldeak atzo etxetik kanpora jokatu zuen partidua: Mikel Oleaga Balsategik lehenengo bi golak egin zituen, eta, ondoren, Mikel Rekero Garzon izan zen Mundakako Katillotxuren hirugarrena eskuratu zuena. Santurtzi Bk, Gaizka Torres Villaviejari esker, partiduan distantziak laburtu zituen, markagailuan 2-3koa ezarriz. Hainbat txartel hori erakutsi behar izan zituen atzoko partiduan Jon Ander Blanco Heredero epaileak: Santurtzi Bko Ekaitz Loiola Fernandezek, Torres Villaviejak eta Martin Domingok jaso zituzten, 8., 27. eta 31. minutuetan, hurrenez hurren. Mundakako Katillotxuko Rodriguez Caminok eta Rekero Garzonek ere txartel horia jaso zuten; lehenengoak, 322. minutuan, eta bigarrenak, ostera, 50.ean.
Aurtengo liga poltsikoratzeko, puntu bakarra behar zuen Mundakako Katillotxuk, eta, atzoko garaipenagaz, helburu hori erdietsi dute. Txapelketa bukatzeko, bestalde, norgehiagoka bi geratzen zaizkie. Lehenengoa Mazusberriren kontrakoa izango da, eta, bigarrena, aldiz, Sestaoren aurkakoa. Mundakako klubetik adierazitakoaren arabera, Santurtzi Bren kontrakoa baino “partidu lasaixeagoak” izatea aurreikusten dute. Izan ere, Mazusberri sailkapeneko erdigunean dago eta Sestao, berriz, erditik beherako postuetan. Dena dela, Mundakako Katillotxukoak “buruz” jokatzekotan daude bi taldeen aurka. Hain zuzen ere, aurtengo partidu guztiak irabazi dituzte, Mazusberriren kontra berdinketan bukaturikoa izan ezik. Horrenbestez, Mundakakoek argitu dute bi partiduotan “garaipena lortzeko eta ahalik eta mailarik onena emateko asmoz” abiatuko direla, ligako garaipen matematikoaren “albiste ederra” jaso ostean. Ligako azken bi jardunaldiak etxean jokatzea ere alde izango dute, aurtengo denboraldia urte osoan zehar erakutsitako goi-mailan amaitzeko.