Elektrizitatearen, erregaiaren eta elikagaien tarifa igoerak salatu dituzte Bermeoko pentsiodunek Iberdrola aurrean
Iberdrolak Bermeon daukan bulegoaren aurrean batu dira gaur Bermeoko pentsiodunak, elektrizitatearen, argindarraren eta elikagaien tarifa gorakadak salatzeko.
Asteleheneroko elkarretaratzea lekualdatu dute, eta tarifa elektrikoen igoera “izugarriagatik” protestatu dute: “Bizitza duina izateko aukerak murriztu eta mugatzen dituzten elektrizitatearen, erregaiaren eta elikagaien prezioaren garestitzearen aurrean, pentsiodunok gure sumindura sinbolizatu eta tarifen gorakada salatu gura izan dugu gaur”.
Otsailean 7,4ra ailegatu zen inflazioaren ondorioz pentsioen eta soldaten erosteko ahalmena “asko gutxitu” dela salatu dute, eta urte osoan zifra “altuetan” mantentzeko itxura duela esan dute, “elektrizitatearen garestitzea dela-eta”. Pentsioen eta soldaten “erosteko ahalmena gutxitzen zen bitartean” enpresa handiek euren etekinak “modu eskandalagarrian” biderkatu dituztela zehaztu dute. Gogoratu dute Ibex 35eko enpresek 50.000 milioi euroko irabaziak baino gehiago lortu zituztela iaz, “eta gehienak zuzendarien eta akziodunen artean banatu zituztela”.
“Banku handiek 16.676 milioi euroko irabaziak izan zituzten, eta elektrizitate enpresek –Endesa, Iberdrola eta Naturgy– ere %23 igo zituzten euren irabaziak iaz, elektrizitatearen kontsumoa %6 jaitsi zenean”, azaldu dute Bermeoko pentsiodunek. Hori horrela, 6.000 milioi euroko irabaziak lortu zituztela gaineratu dute: “Elektrikek eta hidrokarburo-enpresek erabakitzen dute prezioak finkatzea eta gobernuen energia politikak ezartzea”.