Artea Pasealekuko arkupeetan
Martxoaren 31ra arte ikusi daitezke denetariko argazkiak Pasealekuko arkupeen artean. Erakusketa formatu handiko 13 argazkik osatzen dute, koloretan zein zuri beltzean, eta argazkigintzako diziplina guztiak ukitzen dituzte.
Artea udalerriko espazio ezberdinetara zabaldu asmoz, kaleak argazkiz, erakusketaz edota kartel historikoz bete dituzte Gernika-Lumoko talde eta eragileek. Horren adibide dira Gernikarte, Artearen ibilbidea, Gernikazarraren argazki historikoen erakusketa edota Zine Klubeko zinema kartelen bilduma.
Oraingoan, baina, Photoka Argazkilaritza Elkartearen Photokalean III argazki erakusketa ikusgai dago Pasealekuan. Leku berria da, kultura edonon zabal daitekeenaren erakuslea. “Iraganean egin genituen erakusketekin lortutako arrakastaren ondorioz, kalera itzuli eta taldeko kideen argazkiak erakutsiko ditugu”, adierazi dute Photokako kideek.
Hain zuzen ere, martxoaren 31ra arte ikusi daitezke denetariko argazkiak Pasealekuko arkupeen artean, formatu eta tamaina handian. Izan ere, erakusketa formatu handiko 13 argazkik osatzen dute, koloretan zein zuri beltzean, eta argazkigintzako diziplina guztiak ukitzen dituzte, hala nola erretratua, paisaia, animaliak edota narratiba.
Hurrengo hauek dira argazkien egileak: Asier Lamikiz, Eneko Bilbao, Lander Artetxe, Joseba Moreno, Iñaki Lauzirika, Unai Alba, Karmelo Ibarretxe, Martin Montes, Zigor Erdaide, Fernando Malaxetxebarria, Fernando Gorostiza, Juanma Gavira eta Juan Ramon Zaldunbide.