Lan gogorraren ordainsaria
Cadi La Seuren kontrako garaipen garrantzitsua lortu zuen atzo Lointek Gernika Bizkaiak, Erregina Kopako final laurdeneko partiduan. Finalerdia bihar jokatuko du, Perfumerias Avenidaren kontra, 14:00etan. Perfumerias Avenida 60-56 gailendu zitzaion IDK Euskotreni. Erregina Kopako finala domekan izango da, 16:30ean.
Erregina Kopak kutsu berezia du: lehiaketa iragarrezina da. Faktore horren jakitun atera ziren, atzo, Lointek Gernika Bizkaia taldeko jokalariak Fontetako kantxara, Cadi La Seuren aurkako final laurdeneko partiduan. Iragarpena argia zen hasiera-hasieratik: berdintasunean oinarritutako norgehiagoka aurreikusten zuten guztiek. Eta, hain zuzen ere, partiduaren hastapenetik, lehendabiziko laurdenetik, argi geratu zen talde bietako batek ere ez zuela aginte makila sendo hartzerik izango. Hori dela eta, biek ala biek bakoitzaren indarguneak baliatzea bilatu zuten. Cadi La Seuk Emakumezkoen Endesa Ligan hautsak harrotzen dabilen jokalariaren, Irati Etxarriren, aurrez aurreko jokoa probestu zuen; Lointek Gernika Bizkaia, ostera, barrualdeko jokoan eta Tinara Mooren sasoi puntu bikainean oinarritu zen.
Errebotea izan zen partiduaren ñabardurarik esanguratsuenetako bat; talde kataluniarrak asko kargatu zituen, eta Lointek Gernika Bizkaiako jokalariek, aldiz, kontraerasora jo zuten behin eta berriro, batez ere, Lashann Higgsegaz eta Mooregaz. Lehenengo laurdena Erregina Kopako ohiko maila handikoa izan zen, eta 14-17 bukatu zuten. Txapelketa horretan, halaber, ez da oso ohikoa izaten puntuaketa handiak erdiestea, erasoa baino defentsa lan gehiago izan ohi baita; era berean, atzoko bi arerioek sobera ondo ezagutzen zuten elkar, eta horrek erasoaldirako joera ere murriztu zuen.
Emakumezkoen Endesa Ligako beste partiduekin alderatuta, gainera, urduritasuna eta tentsio oso nabarmenak ziren atzo, are gehiago, ikusleek Fonteta lepo bete zutelako. Hain zuzen, Lointek Gernika Bizkaiaren 100 jarraitzaile inguru hurreratu ziren Valentziara, eta, horrenbestez, saskiratze bakoitzak urrea balio zuen. Ildo horretan, Moore hazi egin zen saksipean, eta pibot amerikarrak 16 puntu eta 5 errebote lortu zituen, eta Lointek Gernika Bizkaiak 21-27koa eskuratu zen. Era berean, Cadi La Seuk ez zuen lortu bere indargune azpimarragarrienetako bat zukutzea: hiruko jaurtiketak. Gernika-Lumoko taldearen maila ere ez zen onena izan, baina partiduan bete-betean sartuta egoteko balio izan zion, modu oso lehiakorrean: 22-27.
Lopez: Hasierako 8-2ko partzialari buelta ematea ogibide gogorra izan da
Pauso bat aurrera. Atsedenaldiaren ondoren, Lointek Gernika Bizkaiak martxa bat gehitu zion partiduaren erritmoari, besteak beste, Angie Bjorklundi esker: hiruko jaurtiketa bana saskiratu zuen erreskadan jokalari amerikarrak, eta markagailuan aldetxo bat erdiesteko balio izan zuen. Ostean, Roso Buchek talde gernikarraren alderik potoloena ekarri zuen: 22-36. Joko aldetik ere, sendo agertu ziren Mario Lopezen jokalariak. Bjorklunden beste hiruko batek 24-41ekoa lortu zuen. Tarte horretan, Lointek Gernika Bizkaiakoek denboraldiko orain arteko minuturik onenak eskaini zizkieten ikusleei: erasoaldiak bikain antolatu zituzten, eta Belen Arrojok defentsa lerroen ardura hartu zuen, aurkarien erasoak gelditze aldera. Etxeko taldeak 29 minutu behar izan zituen hiruko jaurtiketa bat saskiratzeko, baina nahikoa izan zen, markagailua 34-43an zegoelarik, Mario Lopez hutsartea egitera behartzeko. Hirugarren laurdena 37-46 amaitu zuten.
Alberdi: Sentsazio oso politak bizitzen ari gara, eta hurrengo partiduei begira gaude jada
Cadi La Seuk partidua eskuratzeko azken saiakera egin zuen laugarren laurdenean, Ariadna Pujolen ezker jaurtiketa bategaz. Etxekoek Emakumezkoen Endesa Ligako laugarrenaren maila erakutsi zuten, norgehiagokari eusteko. Horrez gain, azken aldi horretan etxeko taldeko bi jokalaririk arriskutsuenek, Laura Peñak eta Etxarrik, partidua estutzea lortu zuten. Une horretan, Roso Buchek lasaitasun puntutxo bat eman zion Lointek Gernika Bizkaiari, eta, azkenean, Tinara Moore berriz agertu zen: jaurtiketa libre bigaz, garaipena ziurtatu zuen bisitarientzat. Partidu lehiatu baten ondoren, garaipen oso esanguratsua eskuratu zuen Lointek Gernika Bizkaiak, gehien behar duen momentuan. Eta, batez ere, taldeak dagokion maila handiko jokoa erakutsi zuen.
Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzaileak, Mario Lopezek, adierazi zuen hasierako 8-2ko partzialari buelta ematea “ogibide gogorra” izan zela, baina, dena dela, “mailari eta partiduari eustea” lortu zutela. “Zalantzaz beteriko norgehiagoka” izan zela azaldu du Lopezek: “Talde sendo baten kontrako partidu borrokatua izan da, eta oso gogor egin behar izan dugu lan”. Cadi La Seuren kontrakoa “intentsitate kontua” izan dela argitu du entrenatzaileak: “Partidu oso fisikoa izan da, eta nabarmenduko nuke behingoz defentsa lan oso duina egin dugula; erasoan, ostera, oso txukun ibili gara, baloiaren zirkulazioaren jabe izan garenean”. Lopezek garaipena “lan gogorraren ordainsaria” bezala definitu du.
Marta Alberdi jokalari gernikarrak ere defentsa izan du ahotan: “Azken partiduetan konturatu izan gara horixe dela gure ahulgunea, eta, oraingo honetan, lortu dugu gure benetako maila erakustea eta, neurri batean, horri esker irabazi dugu partidua”. Talde barruan “bestelako giroa” dagoela azpimarratu du Alberdik: “Sentsazio politak bizitzen ari gara, eta hurrengo partiduei begira gaude jada; argi dugu gure jokoa defendatu behar dugula, hasieratik kontzentratuta atera, barruan dugun guzti-guztia eman eta, jakina, presiopean maila honetan ibiltzen jarraitu”.