Helburu bikoitza lortzeko bidean da Mundakako Katillotxu taldea
Mundakako Katillotxu Futbol Kluba Lehentasunezko Mailatik Ohorezko Mailara igotzekotan dago, hiru partiduren eta puntu bakarraren faltan. Ligako lehen postuan egin dute urte osoa.
Mundakako Katillotxu Futbol Kluba Lehentasunezko Mailatik Ohorezko Mailara saltoa ematekotan dago. Mailaz igotze hori Mundakako areto futbol taldea aurten egiten ari den denboraldi apartaren erakuslea da. Izan ere, 2022an jokatutako norgehiagoka guztiak irabaztea erdietsi dute, bakarra izan ezik. Garaipena eskuratu ez zuten partidu horretan, alabaina, berdinketa eta, ondorioz, puntu bat bereganatzea lortu zuten.
Denboraldiaren orain arteko irakurketa “benetan bikaina” da, Mundakako Katillotxu Futbol Klubeko lehendakari Mikel Rekeroren arabera: “Kalitatezko jauzia egin dugu aurten, emaitza oso onekin eta, batez ere, maila lehiakorra erakutsiz”. Taldekideek 2022ko sasoiaren hasieratik “oso argi” izan dute Ohorezko Mailara igotzeko lehian sartuta egotea “aukera erreala” zela; hori dela eta, Lehentasunezko Mailako lehendabiziko hiru postuetan sailkatzearen eta mailaz igotzeko borrokan ibiltzearen atzetik ibili dira urte osoan, eta bidean erdietsi dituzten emaitzak horren agerkaria dira. Orain, hiru saio falta dituzte denboraldia bukatzeko, baina puntu bakarra lortze hutsagaz mailaz igotzea matematikoki lortuko lukete.
Emaitza onak lortuagatik ere, “denboraldi oso zaila” izaten ari dela adierazi du Rekerok. Koronabirusaren pandemia egoerak, halaber, ez diete inongo mesederik egin: “Ezin izan genuen ohiko instalazioetan entrenatu, saio fisikoak Mundakako hondartzan egin behar izan genituen, eta, gainera, lesioak nahiz gaixoaldiak eduki genituen lantaldean”. Mundakako Katillotxu, hain zuzen, “umiltasunetik eta lanetik” abiatutako taldea da: “Hamahiru jokalariko lantaldea dugu, berez ofizialki hamabosteko muga egon arren; hori bai, talde oso lehiakorra eta ederra da”.
Gabonetara arte, taldeak bere benetako maila erakutsi zuen, baina, aldi horren ostean, jokalariak koronabirusak eta lesioek astindu zituzten, eta “lauzpabost aste oso gogor” bizi zituzten. Egun, lau jokalari min hartuta dituzte, baina jokatzeko moduan daudenek “egundoko maila” dutenez, falta direnen hutsunea betetzen dute.
Mailaz igotzearen lorpenaz gain, Mundakako Katillotxu F.K. Lehentasunezko Mailako lehen postuan dago, hiru jardunaldiren faltan. Denboraldiko partidu guztiak irabazi dituzte, eta saio bakarra berdindu. Gainera, sasoi osoa lehenengo postuan egin dute. Urtea burutzeko azken saioak Santurtzi B, Mazusberri eta Sestaoren kontra jokatuko dituzte.
Asteburuko partidua, Santurtzi Bren aurkakoa, “gogorra” izango dela uste dute klubekoek: “Mundakan jokatu genuenan, 4-3 irabazi genien, eta, egun, taulan bigarren postuan daude, hau da, talde sendoa da”. Gainontzeko bi partiduak, Mazusberriren eta Sestaoren kontrakoak, “lasaixeagoak” izatea espero dute. “Denboraldiko berdinketa bakarra Mazusberriren kontra egin genuen, baina sailkapeneko erdialdean dago; Sestao aldiz beheko postuetan ari da. Dena dela, bi saioetan irabaztera eta dena ematera atera beharko gara”, argitu dute. Ohorezko Mailara igoz gero, “mailari ahal bezain duinen eustea eta jokorik onena lortzea” izango dute jomuga. Nolanahi ere, kontziente dira maila horretako lehiakortasuna “dezente handiagoa” izango dela: “Bakioko Atxurre, Gamiz-Fikako Aurrera Beti edota Basauriko Zuentzat moduko aurkari lehiakorrak daude”.
Bestalde, Busturialdeko areto futbolaren osasun onaz mintzo da Rekero: “Kirol serioa da, eta, behingoz, ikusleen errespetua eta jarraipena erdietsi du areto futbolak; adibidez zapatuz Mundakan jokatu dugunetan, kiroldegia jendez bete zaigu”. Mundakako Katillotxuz gain, Bermeoko Ikaslegoiek, Gernika Futbol Sala eta Biara dira eskualdeko gainontzeko areto futbol taldeak.