Bermeo FTk galdu egin ditu playoffetako lehen bi partiduak
Balmasedaren kontra 2-1, eta Paduraren kontra 1-0 galdu dute playoffen lehian. Hurrengo norgehiagokak Indautxuren, Dinamo San Juanen eta Erandioren aurka jokatuko dituzte.
Bermeo FT Ohorezko Mailatik Hirugarren Mailara igotzeko lehian bete-betean murgilduta dago. Balmaseda, Padura, Indautxu, Dinamo San Juan eta Derio dira mailaz igotzeko borrokan dabiltzan gainontzeko bost taldeak. Bermeo FTk, dagoeneko, jokatu ditu playoffetako joaneko lehendabiziko bi partiduak: Balmasedaren kontrakoa, lehenengoa; Paduraren aurka, bigarrena.
Biak ala biak ez dira gura izan duten legez joan, porrot bana lortu baitute. Balmasedaren kontra, 2-1 galdu zuten kanpoan, eta Paduraren kontrako saioa, aldiz, 1-0ko markagailuagaz bukatu zen, hura ere etxetik kanpora. Bermeo FTko entrenatzaile Ibon Uriarteren iritziz, playoffetako azken bi porrot horiek denboraldiko bigarren itzuliaren “erakusle argiak” dira. Izan ere, azaldu du Bermeo FTk sendo hasi zuela denboraldia, baina taldearen errendimenduak nabarmen egin zuela behera, partiduen podeiroz: “Lehen itzulian ederto ibili ginen, joko dinamika egokiekin, eta taulako buru izatera ere lortu genuen; bigarren itzulian, baina, gure mailak bortizki egin zuen behera, neurri batean, zorte kontuagatik”.
Aurtengo denboraldia “oso zaila” izaten ari da Bermeo FTrentzat, lesioei dagokienez. Hain zuzen ere, momentu honetan hemezortzi jokalariz osatutako lantaldea du eskuragarri Uriartek, “beste talde gehientsuenek baino dezente murritzagoa”. Zoritxar horren azken adibidea oraintsu bizi izan dute. Jokalari bat fitxatu berri dute, eta Bermeora iritsi bezain pronto min hartu du orkatilan. Horrez gain, lehendik min hartutako jokalariak ere badaude. Hori dela eta, harrobira jo du Uriartek playoffei aurre egin ahal izateko. “Bermeoko eta Gernika-Lumoko jokalari gaztetxoenei aukera eman diegu gure taldeagaz debuta egiteko, jakin baitakigu beraientzat ere aukera polita dela”.
Orain arteko bi partiduei helduta, Uriartek “sentipen gazi-gozoa” du. Azaldu duenez, bai Balmasedaren, bai Paduraren kontra “akats berbera” egin zuten: “Bi norgehiagoka horietan ez ginen saioak eskatzen zuen besteko kontzentratuta atera zelaigunera; ondorioz, golak oso goiz sartu zizkiguten”. Dena dela, entrenatzailea “asebeteta” ageri da Bermeo FTko jokalariek partidu horietako bigarren aldian erakutsitako jokoagaz nahiz jarreragaz. “Joko oso duina daukagula erakutsi genuen partidu bietan, eta, gutxienez, berdinketak ateratzeko besteko merezimenduak egin genituen; dena dela, ez dugu gainontzeko taldeek bezainbesteko emaitzarik, hau da, golik”.
Playoffeko hurrengo partiduei dagokienez, domekaro jokatuko dute aurrerantzean, Aste Santuko etenaldia salbu, eta maiatza bitartean. Etxean izango dute hurrengo saioa, Indautxuren kontrakoa. Ondoren, Dinamo San Juan taldearen zelaian jokatzea tokatuko zaie, Uriarteren esanetan, “etxean jokatzen duenean bere maila biderkatzen duen taldearen aurka”; azken hiru partiduak Erandioren, Balmasedaren eta Paduraren kontra izango dituzte, Bermeon.