Argentinako Maiatzeko Plazako Amamen elkartea omendu dute gaur Batzarretxean
1976ko martxoaren 24an Indar Armatuek Argentinako agintea eskuratu zuten, estatu kolpe baten bidez. Gaur, 46 urte geroago, Bizkaiko Batzar Nagusiek omenaldi berezia egin diote Maiatzeko Plazako Amamen elkarteko presidentea den Estela Barnes de Carlottori. Izan ere, diktaduraren ondorioz desagertutako ehundaka ume txiki aurkitu eta haien senideei itzultzea lortu zuen. Horretariko bat izan zen bere biloba, gaur Gernika-Lumoko Batzarretxean egon dena.
Barnes de Carlotto bisitan dago Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan, eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzaren omenaldia jaso du. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea harro agertu da giza eskubideen aldeko borrokan mundu mailako erreferentea den emakumeari ondo etorria egiteagatik: “Oroimenaren, egiaren eta justiziaren aldeko borrokalari nekaezina da, bere bizitza osoan giza eskubideak indar osoz defenditu dituena”.
Barnes de Carlottok adierazi du “oroimena ez dela ezabatu” behar: “Gogoratu egin behar da, hori berriro ez gertatzeko. Oroimena galtzeak menpeko uzten gaitu, eta horrek diktadurak errepikatzeko arriskua dakar”. Indarkeriaren biktima guztiei zauriak ixteko eta senideak berreskuratzeko lanean ari diren pertsonei egindako aintzatespena izan da bisita.
Ekintzaile argentinarra Nortasunerako Eskubidearen aldeko Batzorde Nazionaleko kordinatzailea den Claudia Carlotto alabarekin, eta 2014an aurkitu zuen bilobarekin ailegatu da udalerrira, baita giza eskubideen alde borrokan ari diren Argentinako beste ekimen batzuetako ordezkariekin ere. Besteak beste, Teatro por la memoria, Fondo Nacional por las Artes, eta Casa Ana Frank para Argentina y Latinoamerica taldeetakoak hurbildu dira Gernika-Lumora. Bertan egon da, Ricardo Alfonsin Argentinak Espainian daukan enbaxadorea eta Monika Hernando Porres Jaurlaritzako Gizarte Eskubide, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendaria ere.