Erabilera anitzeko aretoa prestatu dute Muruetako udaletxean
Goiko solairuan jarri dituzte ordenagailuak eta inprimagailua; astelehenetik barikura egongo da zabalik.

Murueta Udalak erabilera anitzeko aretoa prestatu du udaletxeko goiko solairuan, “herrian dagoen beharrizana asetzeko”. Azaldu dutenez, ikasteko eta lan egiteko erabili daiteke: “Internet konexioagaz arazoak dituzten herritarrentzako ere laguntzazkoa izan daiteke, arazo horiek konpondu bitartean”.
Udal arduradunek jakitera eman dutenez, erabilera anitzeko aretoa eskolan zeuden KZ guneko ordenagailuekin eta inprimagiluagaz doitu dute, eta Wifi konexioa ere jarri dute.
Momentuz, astelehenetik barikura erabili ahalko dela zehaztu dute: astelehenetik eguenera, 09:00etatik 15:00etara; barikuetan, berriz, 09:00etatik 14:00etara. Hala ere, aurrerantzean, gauzak ondo joanez gero, ordutegia zabaltzea dute asmo.
Erabilera anitzeko aretoan, gehienez, bost pertsona egon daitezke. Aretoaren araudi zehatza jakin gura duten horiek aretoan bertan aurkituko dute.