Denboraldiari buelta eman asmoz
Cadi La Seuren kontra jokatuko du etzi Lointek Gernika Bizkaiak Erregina Kopako final laurdenekoa. Gaur Malosten egindako ‘Media day’-an, partidu horren aurreikuspena argitu du lantaldeak.
Lointek Gernika Bizkaiak aurkari ezaguna du aurrez aurre etzi [martxoak 24], Erregina Kopako B final laurdeneko partiduan: Cadi La Seu talde kataluniarra. Emakumezkoen Endesa Ligako norgehiagoketatik soberan ezagutzen duten taldea da, hain zuzen ere, duela hilabete inguru jokatu baitzuten beraien kontra. Cadi La Seu, halaber, denboraldi oso ona egiten ari da aurten, maila altuan baitabiltza. Gaur media day-a egin dute Lointek Gernika Bizkaiaren egoitzan, Malosten, eta bertan klub gernikarreko kirol lantaldeak nahiz Erregina Kopan arituko diren jokalariek eurek hedabideak artatu dituzte, denboraldiko norgehiagokarik esanguratsuenetako bat izango den horri begira dituzten aurreikuspenak eta iritzia argitzera emateko.
Emakumezkoen Endesa Liga eta, oro har, aurtengo denboraldia ondorioak uzten ari zaio Lointek Gernika Bizkaiari, batez ere, alderdi fisikoari dagokionez. Mario Lopez entrenatzaileak adierazitakoaren arabera, koronabirusa dela eta hainbat partidu dataz aldatzeak bere eraginak ditu, eta zenbait jokalari “gainkarga fisikoekin” daude: “Ez da gauza bera denboraldia modu programatuan lehiatzea edo, esaterako, aste berean eguaztenez eta zapatuz jokatzea; bigarren eredu horrek fisikoki asko baldintzatzen ditu jokalariak”. Etziko partiduari begira, Lopezek azaldu du Lointekek “bere mesedetan” baliatu dezakeela Cadi La Seuren “ustezko hautagaitza sendoa”: “Teorian, gu baino hautagai lehiakorragoa da, aurten zazpi partidu gehiago irabazi baititu, baina hautagaitza hori, nolabait, gure alde erabili dezakegu, eta ezustekoa eman”.
Lopez: Entrenatzaile bezala egin dudan denboraldirik gogorrena izaten ari da
Belen Arrojok argitu du “kontzentrazioa eta batasuna” izango direla Lointeken arma nagusiak: “Talde gisa jokatu beharko dugu, gure gabeziak ahal bezainbeste estaliz, eta Cadi La Seuko jokalari arriskutsuenak hurretik zainduz”. Zentzu horretan, Laura Peña eta Irati Etxarri izango dira areriorik gogorrenak, Cadi La Seuren lantalde barruan. Arrojok, gainera, adierazi du Erregina Kopako zozketaren barruan “aukerarik onena” suertatu zaiela. Izan ere, gainontzeko bikoteetan Spar Girona zein Perfumerias Avenida lehen mailako taldeak daude; “partidu estua, lehiatua eta ikusteko oso erakargarria izango dela uste dut”.
Marta Alberdi gernikarrak ere batasuna izan du ahotan: “Taldekideak eta ikusleak elkarren inguruan batuta egoteko sasoia da, berotasun hori baita emaitzak lortzeko bide bakarra”.
Lopezek argi du orain artean egindako jokoaren “argi-ilunak” baliatu beharko dituztela: “Gure indargune nagusia jokalari guztiak kontzentratuta eta indartsu daudela da, baina, era berean, aitortu behar dut entrenatzaile gisa sekula egin dudan denboraldirik zailena izaten ari dela, joko aldetik”.
Zelan irabazi Cadi La Seuri? Cadi La Seuren kontra, urte osoan buruko min gehien eman dien arloa indartu beharko dute: defentsa. Orain arteko partiduetan, Lointekekoek ez dute asmatu defentsa lerro zurrunak eraikitzerakoan eta, ostean, erasoa ganoraz antolatzerakoan. Hori da, hain zuzen, lantzen ari direna, Lopezen arabera. Erregina Kopagaz, denboraldia noranzkoz aldatzea da xedea: “Argi dago, edozein lehiaketa izanda ere, beti saskibaloiaz ari garela, baina uste dut Erregina Kopa hanka onez hastea denboraldia artezteko abiapuntu ederra izan dela”. Roso Buch ere antzeko iritziz agertu da: “Ez nago batere pozik aurtengo dinamikagaz eta izandako zorteagaz, sei partidu galdu baititugu bost puntu baino gutxiagogatik. Beraz, Erregina Kopa denboraldiari buelta eman, eta ostean etorriko diren bost partiduak begi onez hartzeko aukera bikaina da, playoffeko lehen zortzi postuetan sartzeko“.