Heldu dira ukrainar errefuxiatuak
Poloniatik Euskal Herrirako bidea hartu zuten 62 ukrainarretatik hamahiru geratuko dira Busturialdean. Bilbora iritsi orduko azken kilometroak emozioz betetakoak izan dira. Izaro Subekoek iheslariei azaldu die bidaia Bermeoko herritarrek bultzatutako ekimena dela, eta hori jakin dutenean laguntza eskertu eta txalo zaparrada entzun da autobusean.
34 ordutan 2.500 kilometroko bidaia egin eta gero, Ukrainatik ihes egin gura zuten eta Polonian Izaro Subekoek antolatutako autobusera igo ziren errefuxiatuak Euskal Herrira iritsi dira gaur goizean [martxoak 18]. Poloniatik Euskal Herrirako bidea hartu zuten 62 ukrainarretatik hamahiru geratuko dira Busturialdean.
Helmuga berezia izan da, esperotakoa. Ahalik eta arinen heldu gura zuten, eta iristerakoan hunkitu egin dira iheslarietako asko eta asko. Autobusetik jaitsi bezain laster eskerrak eman dizkiete Izaro Subeko antolatzaile zein autobuseko gidariei, eta besarkadez bete da momentua.
Bilbora iritsi orduko azken kilometroak ere, emozioz betetakoak izan dira. Izaro Subekoek bidaiaren nondik norakoak azaldu dizkiete iheslariei, eta bidaia Bermeoko herritarrek bultzatutako ekimena dela jakin duten momentuan bertan, laguntza eskertu eta txalo zaparrada entzun da autobusean. Momentu hunkigarriak izan dira, emozioz betetakoak, eta iheslariek behin eta berriro eskertu dute bermeotarren ahalegina.
Lehenengo Bilbora. Gaur 09:00ak pasatxo ailegatu dira Bilbora, eta 10:30ak aldera Bermeora. Iheslarietako gehienek Bilbo zuten helmuga, handik beste hiri batzuetara joateko bidaia berri bat abiatu behar baitzuten. Askok Espainia ekialderantz bidaiatuko dute datozen ordu eta egunetan, baina badaude Sevillara edota Portugalera joango direnak ere. Bidaiari horiei Dyako boluntarioek egin diete harrera Bizkaiko hiriburuan, eta euren bidaia kudeatzen lagundu diete.
Eskualdeko herritarrek euren etxeetan hartu dituzten beste hamahiru ukrainarrak Bermeorantz abiatu dira. Han zituzten itxaroten euren etxeetara eramango zituztenak. Ukrainar errefuxiatuetako batzuk Bermeon geratu dira, hainbat bizilagunekin, eta beste batzuk Gernika-Lumora edota Ereñora joan dira.