Gernika-Lumoko Mendi Jaiko izen ematea zabalik da
Maiatzaren 8an egingo dute Gernika-Lumoko mendi lasterketen egun seinalatua, eta hainbat kategoria nahiz irteera izango dituzte.
Gernika-Lumok Mendi Jaia hartuko du maiatzaren 8an, Arrolape Mendi Klubak antolatuta. Aurtengo ediziorako izen ematea, honezkero, zabalik dago parte hartu gure duen edonorrentzat, www.herrikrosa.eus webgunean. Gernika-Lumoko Mendi Jaia goizetik hasiko da, eta hainbat irteera izango dira eguneko egitarauan. Mendi martxa luzeak 17,5 kilometroko ibilbidea izango du, 900 metroko desnibelagaz. 09:00retan hasiko dira martxako parte hartzaileak oinez. Formatu laburragoaren zaleek, baina, mendi martxa laburraz gozatzeko parada izango dute, 11:00etatik aurrera: 8,5 kilometroko distantzia eta 400 metroko desnibela izango ditu. Bai martxa luzea, bai laburra pasealekuan hasi eta amaituko dira.
Urdaibai Kopako bigarren mendi lasterketa, ostera, 10:30ean hasiko da, eta korrikalariek 17,5 kilometroko zirkuitua osatu beharko dute, 850 metroko desnibelagaz. Aurten kategoria berriak daude, halaber, sailkapenetan, denetariko adin tarteetako parte hartzea hauspotze aldera : 23 urtez azpikoena eta beteranoena. Egitaraua osatuz, mendi bizikleta martxa ere izango du aurtengo Mendi Jaiak: txirrindulariek 34 kilometro eta 1.200 metro positibo izango dituzte aurretik, 09:30etik aurrera. Proba oro Gernika-Lumoko pasealekuan hasi eta amaituko da, eta sari banaketa, aldiz, 13:30ak aldera egingo dute. Informazio gehiago behar duenak, eskuragarri du Arrolape Mendi Klubaren webgunean.