Finalerako materiala aukeratu dute Erkiagak eta Goikoetxeak
Goikoetxeak eta Aimarrek material bizia erabiliko dute, eta Erkiagak eta Zabalak, aldiz, geldoagoa. Domekako finalerako sarrera guztiak agortuta daude, eta Gernika-Lumoko Jai Alai frontoia lepo egongo da.
Jai Alai Winter Series txapelketako finalerako materiala hautatu dute, gaur, Aritz Erkiagak eta Iñaki Osa Goikoetxeak, ligaxkako partiduak hartu dituen eta domekako final handia hartuko duen Gernika-Lumo Jai Alai frontoian. Txapelketa burutuko duen azkenengo norgehiagokak Erkiaga-Zabala eta Goikoetxea-Aimar izango ditu protagonista, neguko zesta-punta lehiaketako garaile izateko lehian. Ikusleei dagokionez, final handirako aurreikuspena, Winter Series osoan gertatu den legez, ezinhobea da: Jai Alaiko egungo edukiera beteta dago jada, sarrera guztiak aspalditik agortuta baitaude.
Bikote gorriko aurrelaria, Goikoetxea, “gogotsu eta ilusioagaz” agertu da finaleko astean. Gernika-Lumon izan den finalista gorrien ordezkariak aitortu du “momentu oso onean” aurkitzen direla: “Hiru partidutik bi irabazi ditugu, eta galdu genuen bakarrean maila oso duina erakutsi genuen; horrenbestez, indartsu helduko gara finalera”. Partidu “gogorra” aurreikusten du: “Erkiaga pilotetara heltzea saihestu beharko dugu, eta Zabalari, hau da, atzealdean jokaldi onak sortzea”.
Aspalditik elkar ezagutzen duten aurrelariak dira Erkiaga eta Goikoetxea; hortaz, partiduaren pisua pilotalekuaren atzeko koadroetan izango da, alegia, Zabalaren eta Aimarren lepotan. Material aldetik, bi aurrelariek gehien komeni zaizkien pilotak hautatu dituzte, baina adierazi dute “denentzako” materiala dagoela domekarako pilota kutxan. Goikoetxeak, jokoa atzealdera eroateko, pilota biziak aukeratu ditu. Erkiagak, ostera, geldoagoak eta aurreko koadroetan jokoa sortzeko egokiagoak.
Erkiagak ere argitu du bikote urdinaren estrategia zein izango den: “Jon Zabalak eta biok argi dugu Goikoetxea ahalik eta gehien saihestu beharreko jokalaria izango dela, eta, horretarako, jokoa atzealdean kargatuko dugu, Aimar Aldazabalen akatsak bilatzeko; ondoren, ea aukerarik dagoen aurrealdean tantoak errematatzeko”. Jai Alai Winter Seriesen orain arteko balorazio “bikaina” egin du Erkiagak: “Inork ez zuen espero hainbesterainoko jarraipena izango zuenik, baina, batez ere, ligaxka osoan izandako joko maila altua azpimarratuko nuke”.
Final handirako aukeratutako materialaz itaunduta, “Goikoetxearen errebotea eta eskumako pilotakada saihesteko pilotak” baliatuko dituzte Erkiaga ispastertarrak eta Zabala markina-xemeindarrak: “Seguru asko, eurenak baino geldoagoak izango dira”. Artean, Jai Alai frontoia Winter Series ligaxkaren finalaren zain dago, jesarleku guztiak beteta eta tentsioa bere gorenean.