"Etxetik kanpo jokatutako partidurik txarrena egin dugu"
Partidu hasiera ona egin arren, Lointek Gernika Bizkaiak galdu egin zuen Kutxabank Araskiren kontrako derbia, 85-62, Mendizorrotzan.
Euskal derbia izateaz gain, Kutxabank Araskiren kontrako partidua oso garrantzitsua zen Lointek Gernika Bizkaiarentzat, batez ere, Emakumezkoen Endesa Ligako sailkapenari begira, bi taldeak playoffetan sartzeko borrokan bete-betean murgilduta baitaude. Horrenbestez, biek partiduan oso sartuta abiatu zuten norgehiagoka: efizientziaz gainezka. Maria Asurmendiren hirukoa eta Angie Bjorklunden jokaldia horren erakusle ziren. Lointekek 7-13ko aldea lortu zuen lehendabizi, eta Tinara Moorek bere sasoi puntu bikaina berretsi zuen, lehen hamar minutuetan hogei puntu lortuz. Etxeko taldetik, berriz, Tanaya Atkinson eta Leia Dongue nabarmendu ziren, 18-20 amaitu zen lehen laurdenean.
Bigarren laurdenan, baina, Lointek Gernika Bizkaiaren defentsa lanek behera egin zuten, eta lehen zortzi minutuetan falta bi baino ez zituzten egin. Etxekoak nahieran mugitu ziren erasoan, berriro ere Atkinsonen eta Dongueren ekarpenei esker: 23 puntura arte joan ziren. Lointeki dagokionez, Lashann Higgs baino ez zen gai izan gasteiztarren defentsa lerroak zulatzeko; ez zuten triangulazioetan asmatu, eta erritmo barik ibili ziren. 44-35eko markagailuagaz joan ziren atsedenaldira.
Aldageletatik igaro ostean aldatu dira Lointeken partiduak, aspaldion. Baina, dena dela, oraingoan ez zen horrela suertatu: egoerak bere horretan jarraitu zuen. Dongue baloiaren zirkulazioan jaun eta jabe izan zen: 22 puntura eta 10 errebotera joan zen talde gernikarrean ibilitakoa. Lointeken defentsa sendotasunik ezari, halaber, urruneko distantziatik erakutsi zuten doitasun falta gehitu behar izan zitzaion; alor horretan, hain zuzen ere, Eleanna Christinaki eta Maria Asurmendi nabarmendu ziren. Angie Bjorklundek bere taldearen pisua lepoan hartzeko saiakera egin arren, arazoa atzerago zegoen, eta 70-49 hasi zuten azken laurdena.
Aldeak hogei puntutik gora ihes egin zuenean, Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzailea, Mario Lopez, averagean pentsatzen hasi zen, derbian baino gehiago. Malosten, lehen itzulian, Lointekek 22 puntuko aldeagaz irabazi zuen; alde hori defendatu beharra zegoen, horrenbestez, playoffen borrokari begira. Ildo horretan, saioa bizirik egon zen azken unera arte: Roso Buchek jaurtiketa libre bi izan zituen amaitu orduko, baina ez zituen saskiratu, eta partidua 85-62 amaitu zen.
Mario Lopez ez da pozik agertu egindako partiduagaz: “Denboraldi osoko partidurik traketsenetakoa izateaz gain, esango nuke etxetik kanpo jokatutako partidurik txarrena egin dugula”. Ondo hasita ere, partiduak aurrera egin ahala “defentsa falta handia” izan dutela adierazi du. Entrenatzaileak argitu du ez dutela “inongo gaitasunik” izan etxeko taldearen mailan egoteko: “Amaierako jaurtiketa libreetan kale egin dugu, eta averagean ere irabazi egin digute; beraz, irakurketa ezin txarragoa da, eta ezin dut partiduari buruzko ezer onik esan”.