Brontzezko domina Inma Ruizentzat
Master mailako Espainiako kros txapelketan hirugarren sailkatu da joan den asteburuan, lasterketa gogorra lehiatu ondoren.
Inma Ruiz atleta gernikarra Hornachuelosen [Kordoba, Espainia] lehitutako diren Espainiako kros txapelketan ibili zen, iragan asteburuan. Hain zuzen ere, emakumezkoen F60 kategorian jardun zuen Ruizek; kategoria horretan, M60 mailako gizonezko parte-hartzaileek eta F60 mailako emakumezkoek elkarregaz parte hartu zuten; guztiek amaitzean, bakoitzaren denbora adin tartearen arabera sailkatu zuten, puntuazio sistema bat sortuz.
Ruiz, “oso gogorra” izan zen lasterketaren ondoren, hirugarren helmugaratu zen, eta, horrenbestez, podiumean sartzea eta brontzezko domina irabaztea lortu zuen. Hornachuelosekoa ibilbide itogarria izan zen lasterkarientzat: hiru itzuli eman behar izan zizkioten 1.800 metroko zirkuitu gorabeheratsu bati. “Ia-ia tarte leunik izan ez arren, zirkuitu bizkor samarra izan zen; tarte lau bakarra futbol zelaiaren aldamenetik pasatzen ginenekoa zen”. Zati horren ostean, parte hartzaileek 800 metro inguruko aldapa koskor bat igo behar izan zuten itzuliro.
Ruizi “asko” kostatu zitzaion podiumeko hirugarren postuari eustea: “Behin lehenengo biek ihes eginda, hirugarren postua ziurtatzea izan zen nire helburu nagusia; dena dela, azkenengo itzulian arazo fisikoak izan nituen, eta izugarri sufritu behar izan nuen, brontzezko dominari eusteko”. Irteera eta helmugaratzea barne, osotara, 5.500 metroko distantzia bete zuen Gernika-Lumokoak.