Lan askoko garaipen baliotsua
Gernika RT-Getxo RTk Elorrioren kontrako partidu gogorra 20-46 irabazi zuen, zapatuan.
Gernika RT-Getxo RTk Elorrioren kontra jokatutako partidua irabaztea lortu zuen, zapatuan. Norgehiagoka “zaila eta gogorra” izan zen Elorrion lehiatutakoa, aurkaria “maila oso handikoa” baitzen. Partiduaren lehendabiziko zatian, Gernika-Lumoko eta Getxoko jokalariz osatutako taldeak zenbait arazo izan zituen jokoan sartzerakoan. Taldekoek adierazi dutenaren arabera, “zelaigunea lokatzez gainezka zegoen, eta haize bortitza ere bazebilen; horrek asko zaildu zuen partidua aurrera ateratzea. Gainera, lehen zatian akats batzuk egin genituen zenbait jokalditan, eta urduriegi mugitu ginen”. Aurkariari dagokionez, talde “nahiko berria” izan arren, joko bortitza eta lehiakorra egin zuten Elorriokoek: “Plakajeetara oso gogor sartu ziren, beraien erritmoa markatu zuten”. Halaber, azaldu dute etxeko taldeak faktore esanguratsu bat alde izan zuela: Elorrioko zelaigunea herriko ikuslez gainezka egon zen. “Gernika-Lumotik lagun gutxi batzuk joan ziren arren, etxekoek bultzada gehigarri hori izan zuten”, argitu dute.
Saio gogorra izan arren, Elorrioko norgehiagokaren balorazio “oso positiboa” egin dute Gernika RT-Getxo RTkoek: “Pozik gaude, gure akatsak sasoiz detektatzen eta ahalik eta bizkorren konpontzen asmatu genuelako; partiduari buelta eman genion, elkarlan bikaina egin genuen, eta partiduak ez zigun ihes egin”. Hurrengo erronka hilaren 26an izango dute, 18:00etan, Durangoren kontra. Partidu horren aurreikuspena Elorriokoaren oso antzekoa da gernikarrentzat: “Joaneko partiduan berdindu egin genuen, baina Durango ligako lehen postuan dago, betidanik asko kostatu zaigun taldea da, eta partidu oso gogorra izatea espero dugu”. Etxean jokatzea eta, Durangoko zelai artifizialaren aldean, Urbietakoa belar naturalezkoa izatea alde izango dute Gernika RT-Getxo RTkoek: “Bi ezaugarri horiek izugarri eragiten digute; zelai batetik besterako aldeak partiduaren erritmoa edo abiadura zehazten du, eta etxeko ikusleen berotasuna, ostera, nahitaezkoa dugu”.
Lesio pare bat dute lantaldean, baina oraindik ez dakite Durangoren kontrako saiora heltzerik izango duten; dena dela, taldekideak “gogotsu” ageri dira, joaneko berdinketari buelta emateko: “Berdindu dugun partidu bakarra Durangoren kontrakoa izan zen, eta oraingoan irabaztea baino ez dugu buruan; gainera, errugbian berdinketa bategaz amaitzeak zapore gazi-gozoa uzten du, ez da ohikoena, eta, horrenbestez, garaipenaren bila irtengo gara zelaigunera”.