Joanes Goitisolo, supersprint kategorian ere garaile
La Nucian leihatu dituzten supersprint modalitateko Espainiako Txapelketetan ibili da Goitisolo.
Joan den asteburuan La Nuciak [Alacant] Espainiako duatloi Txapelketak hartu ditu, supersprint modalitatean. Kategoria horrek bi kilometroko korrikaldia, bost kilometroko txirrindularitza saioa eta, azkenik, kilometro bateko korrika sesioa barnebiltzen ditu. La Nucian aritu da, besteak beste, Joanes Goitisolo Otazua gernikarra. Hain zuzen ere, hiru txapelketa lehiatu zituzten: taldekako supersprint duatloia, binakako supersprint duatloia eta errelebodun 2×2 supersprint duatloia. Lasterketetotako bakoitzean, talde bakoitzak sei parte hartzaile baino ezin izan zituen aurkeztu.
Goitisolok zapatu goizean parte hartu zuen asteburuko bere lehenengo proban: taldekakoan. “Berez, bakarka lehiatzen da proba hori, eta talde bakoitzak sei lehiakide aurkezten ditu; horietako bakoitzak bere lasterketa egiten du, baina puntuazio sistema bat ezartzen da, eta taldeak puntuatzen dituzte amaieran”, azaldu du Goitisolok. Lasterketa horretan bosgarren bukatu zuen; bere taldea, Alusigma, aldiz, hirugarren sailkatu zen. Zapatu arratsaldean bikotekako proba lehiatu zuten; Alusigma taldeak bosgarren postua erdietsi zuen, baina Goitisolok ez zuen parte hartu.
Domeka goizean, berriz, errelebodun 2xe probaren txanda izan zen. Lasterketa horretan, Goitisolo azken bikoteko partaidea izan zen, azken erreleboa egitearen arduraduna, horrenbestez. Espainiako txapeldun izendatzea lortu zuen, bere taldekide Baldellougaz batera helmugaratuz.