Garaipen garrantzitsua etxekoen aurrean, Lointek Gernika Bizkaiarentzat
Talde gernikarrak Duran Maquinaria Ensino taldeari 84-75 irabazi zion zapatuan, Malosten jokatutako Emakumezkoen Endesa Ligako 24. jardunaldian.
Oraingoan bai. Zapatuan iritsi zen Emakumezkoen Endesa Ligako bigarren itzuliko lehendabiziko garaipena Lointek Gernika Bizkaiarentzat. Partidu bereziki esanguratsua zen Lointekentzat, etxean lau porrot jaso ostean, nahitaezkoa baitzen puntuak lortu eta norgehiagoka eskuratzea. Horrenbestez, etxeko taldea hasiera-hasieratik saioan oso sartuta eta kontzentrazio maila altuan atera zen kantxara, 8-2ko partziala lortzeko. Hastapen horretan, hain zuzen ere, aipagarria izan zen Tinara Mooreren egitekoa, erreboteetan. Duran Maquinaria Ensino taldeko Fernan Varela entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan zuen; hortik aurrera, talde galiziarraren mailak gora eta gora egin zuen, eta horrek partiduaren urduritasun kota hauspotu baino ez zuen egin. Andrea Orsiliren hiruko jaurtiketa baten saskiratzeak hutsartea eskatzera behartu zuen Mario Lopez etxekoen entrenatzailea; 21-14 amaitu zen lehenengo laurdena.
Lointek Gernika Bizkaiakoak arerioaren jokoan bete-betean murgildu ziren: ordena barik, nahasita, esku ugarigaz. Horrek kontrakoak markagailuan hurbilduarazi zituen, eta Marina Lizarazuren hirukoak, ostera, 21-23 aurreratu zituen. Lointek Gernika Bizkaiak ez zuen ganoraz erantzun partiduko tarte horretan; bigarren laurdenaren bukaeran, baina, 12-0ko partzial bikaina lortu zuten. Hain zuzen, Belen Arrojo, Lashann Higgs eta Roso Buch izan ziren markagailua 38-30era eroan zutenak, bigarren laurden hori, azkenik, 40-32 amaitzeko. Atsedenaldiaren ondoren, azken jardunaldietako boladari erantzun zion Lointek Gernika Bizkaiak: Mario Lopezek blokeo guztietan aldatzeko erabakia hartu zuen; hori bai, etxekoei estrategia horrek ez zien funtzionatu Perfumerias Avenida nahiz Ciudad de la Laguna Tenerife taldeen kontra bezain ondo. Izan ere, Duran Maquinaria Ensinok bere jokamolde bortitz eta nahasiari eutsi zion, eta talde gernikarrak, aldiz, arazoak izan zituen erasorako erritmo egokia bilatzerakoan. Halaber, Laura Aligak markagailua berdintzea lortu zuen, eta, jarraian, talde bisitaria 47-50 aurretik jartzea. Orduan, Lointek Gernika Bizkaiak atzera erantzun zuen, 10-0eko partzial bat eskuratuz eta arerioaren beste hutsarte bat sortuz. Partidua dinamika jakinik edo hautagai nagusirik gabe zebilen: 59-57, eta joan-etorrian.
Azken laurdenak, aldiz, bai erantzun zion patroi argi eta garbi bati: estutasunari. Bai etxekoentzat, bai bisitarientzat keinu zein ñabardura txikienak ere partidua irabaztea edo galtzea suposatu zezakeen. Bi taldeen kinka larri horren ondorioz, norgehiagokaren azken zatia gudu bat izan zen, eta saskiratze bakoitza, aldiz, altxor bat. Tinara Moorek 31 puntu eta 9 errebote erdietsi zituen, eta partiduko jokalari gakoetako bat izan zen, beste behin. Partzial berri batek markagailua 68-61ean jarri zuen. Amaierarako 04:36 faltan, Marina Lizarazuk falta bat egin, eta Lointek Gernika Bizkaiari partidua irabazteko ateak zabaldu zitzaizkion. Azken minutuetan, aspaldiko partez, etxeko taldeak bikain asmatu zuen lortutako aldea kudeatzen. Lointek Gernika Bizkaiak, playoffetan sartzeko bere borrokan, garaipen nahitaezkoa lortu zuen zapatuan: 84-75.