Finalerako txartela Arrizabalaga eta Gaminderentzat
Emakumezkoen binakako txapelketako finalaurrekoa irabazita, final handian arituko dira Olatz Arrizabalaga gernikarra eta Enara Gaminde laukiztarra.
Olatz Arrizabalaga eta Enara Gaminde emakumeen binakako txapelketako finalerako sailkatu dira. Atzo, Lezon [Gipuzkoa] Leire Garairen eta Ane Mendibururen kontra jokatutako finalaurreko partidua 22-10 irabazi zuten Arrizabalagak eta Gamindek, eta, horrenbestez, finalerako txartela eskuratu dute. Beste finalerdian, Maddi Barrokal eta Itsaso Erasun Amaia Aldairen eta Andrea Capellanen kontra lehiatu ziren; Aldaik eta Capellanek osatutako bikotea suertatu zen garaile.
Arrizabalagak adierazitakoaren arabera, finalerdietako partidua “markagailuak erakusten duena baino askoz ere gogorragoa” izan zen. Norgehiagokaren lehendabiziko zatian Arrizabagalak eta Gamindek 10 tanto inguruko aldea egin zuten, partiduaren kontrola eta pisua beraiengan hartuz; bigarren zatian, ostera, aurkariek ez zizkieten gauzak erraz ipini, eta bai, Garaik, bai Mendiburuk euren indarguneak baliatu zituzten. “Partiduaren bigarren zatian aurkariak partiduan gehiago sartu ziren, jokaldi on batzuk egin zituzten, partidua gogortzen saiatu ziren, baina, egia esan, finalerdia momentu oro kontrolpean izan genuen”, azaldu du Arrizabalagak.
Arrizabalagak eta Gamindek, aurreko saioetako dinamikak ikusita, “harriduraz” hartu dute hasieran tanto alde hain esanguratsua hartu izana: “Azken partiduak zelan joan diren ikusita eta aurkariak eurak aztertuta, ez genuen uste hasieran hainbeste tantoko aldea atera ahalko genuenik, eta esango nuke horrek konfiantza puntu bat eman zigula, amaierara arte mailari eusteko”, argitu du aurrelari gernikarrak. Jokoari dagokionez, Arrizabalagak adierazi du indar aldetik “nagusi” izan zirela, eta horrek partidua “dominatzera” eroan zituela; kontrakoak, aldiz, “gure hankasartzeak sorraraztera eta euren jokoa egitera” joan zirela azaldu du. Ane Mendibururen egitekoa ere ahotan du Gernika-Lumokoak: “Bagenekien pilotari oso langilea dela, atzelari fin-fina, eta defentsa lan bikainak egin zituen”. Partiduaren pisua Arrizabalagak eta Gamindek eroan arren, Mendiburu “denbora osoan korrika eta defentsan” ibili zela azaldu du.
Finalera begira, “itxaropentsu eta gogotsu” ageri da Arrizabalaga. Hilaren 27an jokatuko dute, Irunen. Bertako frontoia ondo ezagutzen du, bi aldiz jokatu baitu bertan: “Pilotalekua ezagutzea garrantzitsua dela uste dut; Irunen jokatu dudan bi aldietan, galdu egin dut, eta, hortaz, bada sasoia horri buelta emateko”. Orain arteko ulermenari eta joko onari eusteko asmoa du Arrizabalagak: “Enara eta biok maila oso altuan gabiltza denboraldi hasieratik eta, gainera, urte osoan elkarregaz entrenatzeko aukera izan dugu, eta horrek mesede handia egin digu”.
Hautagai nagusiak izatearen presioa sentitzen dute Arrizabalagak eta Gamindek, baina, era berean, lasai daude; ondo dakite zer egin beharko duten: “Guk argi dugu gure betiko jokoa aprobetxatu behar dugula; nik aurrean tantoak buka ditzaket, baina ez dut arazorik pasatzen uzteko, ondo dakidalako Enara atzean prest egongo dela. Presioa txapelketa askotan eduki dugun zerbait denez, badakigu horri buelta ematen, eta ez gaude hain urduri”. Aldai eta Capellan “lan gogorra” eskatzen duten arerioak direla dio Arrizabalagak: “Ez da partidu erraza izango, maila oso handian daude aurkari biak, baina irabazteko aukera dugu”.