Kontseilu Sozialistak Ukrainako eta Espainiako zerbitzu sekretuei egotzi die Pablo Gonzalezen atxiloketa
Pablo Gonzalezen informatzeko eskubidearen alde egiteko, elkarretaratzea deitu dute biharko; 19:00etan Merkurion jarri dute ordua.
Pablo Gonzalez eskualdeko kazetaria otsailaren 28an atxilotu zuten Polonian, Ukrainako gerraren berri emateko kazetari lanetan ari zela. “Espioitza” delitua egotzi diote, eta lagun egunez inkomunikatuta egon eta gero, “behin behinean” sartu dute kartzelan; halaber, 10 urte bitarteko kartzela zigorra eskatu dute berarentzat. “Atxiloketa horren atzean Ukrainako eta Espainiako zerbitzu sekretuak daude. Gainera, CNIren eskutik ere, jazarpen poliziala jasan behar izan dute berak eta bere hurkoek”, salatu du Busturialdeko Kontseilu Sozialistak.
Egungo totalismoaren gorakada krisi ekonomikoak eragindako “desoreka politikoaren ondorioa” dela adierazi dute: “Salbuespen egoera iraunkorrak oinarrizkoenak diren eskubideak ezabatzea baimendu du. Pandemiak, gerrak edo terrorismoaren gorakadak neurri diktatorialak hartzeko balizko eszenatokia eraiki dute. Agerian geratu da oligarkiak esku hartze zuzena daukala erabaki ekonomiko zein politikoetan”.
Gerraren testuinguruan hartutako erabakiak “zentsuraren aldeko ofentsiba bezala” ulertzen dituzte Kontseilu Sozialistakoek. “Sputnik eta RT bezalako medio errusiarrak debekatu dituzte Europar Batasunean. Ildo beretik, kazetariak kanporatu dira eta sare sozialetan ere zentsura areagotu da. Pabloren atxiloketa testuinguru honetan ulertu behar dugu”, azaldu dute.
Diotenez, “ustezko oinarri demokratikoetan” eraikitako Europar Batasunean “ez daude bermatuta” informatzeko eta komunikatzeko eskubideak: “Burgesiaren boterea krisian dagoenean, ofentsiba ekonomiko, kultural eta politiko baten bidez berrantolatzen du. Ofentsiba hori botere ekonomikoaren eredu berri baten inposaketan oinarritzen da”.
Halaber, ezkerreko alderdien jarrera salau dute, “Ukrainako estatua babestu eta diskurtso mediatiko nagusiaren parte direla esanez”. Hori dela eta, proletalgoaren antolakuntza independentea bultzatu behar dela uste dute, Estatu Sozialistara bidean, “zeinetan gerra inperialistek tokirik izan ez duten”.