Arerio sendoa Gernika RT -Getxo RTrentzat, eta etxetik kanpo: Elorrio
Etzi jokatuko du Elorrioren kontra. Partidua 16:00etan hasiko da, elorriotarren zelaian.
Gernika RT – Getxo RTk Elorrioren kontrako partidua jokatuko du etzi [martxoaren 12an], 16:00retan. Bueltako partidua izango da zapatukoa, eta Gernika RTkoek azaldutakoaren arabera, “maila oso-oso handia” duen arerio baten kontra lehiatu beharko dira. Gernika RT – Getxo RT sasoi puntu onean iritsiko da Elorrioren kontrako norgehiagokara; eguenean bertan Getxon entrenatu zuten Gernikako jokalariek, bi lantaldeen arteko elkarlana hobetze aldera. “Kontaktu gutxiko partidutxo bat ere jokatu genuen, eta asteburuko saiorako baliogarria izango zaigu”.
Bai motibazio aldetik, bai maila aldetik sendo dago Gernikako eta Getxoko jokalariz osaturiko taldea. Nolanahi ere, talde murriztu samarra izango dute eskuragarri Elorrioko partidurako: “Lehen taldeak Valentzian jokatuko duenez, lantalde nahiko txikia izango dugu Elorrion, hamalau bat jokalari joango gara, eta, horrenbestez, aldaketak egiteko mugatuago ibiliko gara”.
Elorrioren sendotasuna. Elorrio oso ondo ezagutzen duten taldea da. Urbietan jokatutako joaneko partiduan 15-10 irabaztea lortu zuten Gernika RT – Getxo RTkoek, baina “dezente kostata” eskuratu zuten garaipena. Zapatuko talka ere “benetan gogorra” izango dela uste dute: “Ez dugu uste puntu askoko partidua izango denik, talde nahiko parekoak garelako; denboraldi hasieran jokatu genuen Elorrioren kontra, eta tarte horretan bi taldeok hobera egin dugu”.
Arerioaren ezaugarriez itaunduta, «borrokalariak eta sendoak» direla diote Gernika RT – Getxo RTkoek: “Joaneko partiduan, Urbietan, ikusi genuen defentsa bikaina dutela eta, gainera, joko lehiakorra egiteko prest daudela”. Bestalde, La Unicaren kontra, gernikarrek zenbait hutsune izan zituzten jokoan, eta jokalari batzuk euren postu naturaletatik kanpo ibili baitziren; Elorrioren aurka, baina, egokitzapenak egin dituzte, eta, zentzu horretan, “konfiantza handiagoz” ageri dira.
Elorriokoaren ostean, Gernika RTk beti “oso zaila” egin zaion talde bat hartuko du: Durango. “Taulako lehena da, talde latza; joaneko saioan, euren zelai artifizialean, berdindu egin genuen. Orain, gure zelai naturala eta jokalariok jada elkar oso ondo ezagutzen dugula baliatuko dugu”.