Gernika-Lumoko kirol instalazioak hobetuko ditu Kirol Patronatuak
135.800 euroko diru saila prestatu du, Santanapeko, Urbietako eta Malosteko instalazioak optimizatzeko. Dagoenerako sei makina berri jarri dituzte Santanape kiroldegian.
Gernika-Lumoko Kirol Patronatuak udalerriko kirol instalazioak hobetzeko 135.800 euroko diru saila prestatu du, Santanapeko, Urbietako eta Malosteko instalazioak optimizatzeko helburuz.
Santanapeko kirol ekipamendua hobetu dute dagoenerako, eta 99.200 euro bideratu dituzte horretarako. Zehaztu dutenez, sei makina berri jarri dituzte: muskulazioko bi –bularraldeko prentsa konbergentea eta ipurmasailak luzatzekoa– eta kardioko lau –bi Adaptative otion Trainer eta 2 Airbike–. Halaber, igerilekurako elektrolisi bidezko kloro sorgailu autonomo bat jarri dutela jakinarazi dute, baita bi aldagela berregokitu dituztela ere.
Jarduera planak Urbietako errugbi zelaiko eserlekuak eta zoruak ordeztea eta harmailak konpontzea aurreikusten du. Gainera, Urbietan bertan, futbol txikiko zelaiaren perimetro hesia handitu, eta sareak konponduko dituzte bai errugbi zelaian, bai Hego Zelaiko futbol zelaian. Esku-hartze horren kostu osoa 17.700 eurokoa izango da.
Malosteko kirol zentrorako 20.900 euro bideratuko dituzte, berokuntza eta ur beroko sistema ordezkatzeko; izan ere, gasoliotik gas naturalera igaroko da zerbitzua.