Porrot mingotsa Villajoyosan Gernika RTrentzat
La Vila taldearen kontra 20-07 galduta, larriki ilundu zaio Ohorezko Mailari eusteko borroka, amaierarako hiru jardunaldi besterik falta ez direnean.
Villajoyosako [Alacant] El Pantanon jokaturiko partiduak, zelan edo halan, final usaina zuen Gernika RTrentzat. Izan ere, La Vila taldea zuzeneko aurkari zuten, eta Ohorezko Mailako behin-behineko sailkapenean hari aurrea hartzea helburu oso beharrezkoa zen Gernikako taldearentzat. Txapelketa amaitzeko hiru jardunaldiren faltan, zita benetan esanguratsua zen zapatukoa gernikarrentzat. Dena dela, La Vilako jokalariak ere euren egoeraren oso jakitun ziren, eta zioten abaguneari ihes egiten utzi; partidua eskuratu zuten etxean, 20-07 gailenduta.
Hasiera-hasieratik bi taldeak zein baino zein gehiago ibili ziren, eta horrelaxe iritsi zen saioko lehendabiziko entsegua, bigarren minutua bete orduko; apurka-apurka La Vilak bere jokoa inposatu zion Gernika RTri, eta talde bisitariak, ostera, ez zuen asmatu kontraerasorako bidean. Lehenengo hamar minutuetan 12-00koa erakutsi zuen markagailuak, eta lehen ordu laurdena igarota, aldiz, 15-00koa. Gernika RTkoen jokoak asko izan zuen urduritasunetik, eta horrek beregain duen prezioa ordaindu zuten; ez ziren gai izan neurketaren mailari eusteko eta interesatzen zitzaien jokatzeko moldea zelaigunean ezartzeko. Hori bai, hogeigarren minutua igarota, sentsazio hobexeagoak transmititu zituzten gernikarrek, eta partiduko entsegu bakarra ere tarte horretan erdietsi zuten: Albertus De Bodena. Iker Olaetaren transformazioak 15-07ra hurreratu zuen Gernika RT, eta 40. minutura arte emaitza horixe gailendu zen.
Saio osoan zehar tentsio nabari-nabaria izan zen: bi taldeetako jokalariek txartel hori eta gorri bana jaso zituzten, eta La Vilako Gabriel Sipapatek entsegua egiteko eta etxekoen partidua borobiltzeko. 20-07ko emaitza ezarrita, Gernika RT esku hutsik itzuli da eta La Vilak, aldiz, lau puntu gehiago lortu ditu. Azken emaitza horregaz, Gernika RT sailkapeneko azken postuan dago, zortzi puntugaz; halaber, Ohorezko Maila bukatzeko hiru jardunaldi baino ez direnez falta, egoera iluna du talde gernikarrak. Izan ere, taulako azken-aurrekoak, kasu honetan hamahiru puntu dituen La Vilak, Ohorezko B Mailako lehen sailkatuaren kontra jokatu ohi du, baina azkena, berriz, zuzenean jaisten da ligaz.
Asteburu honetan ez da Ohorezko Mailako saiorik egongo; martxoaren azken asteburuan Les Abellesen kontra jokatuko du Gernika RTk, Jorge Diego “Pantera” zelaigunean. Etxetik kanpora lehiatuko duten azkenengo partidua izango da 22 puntugaz sailkapenean hamargarren dagoen talde horren aurkakoa.