Lokatzez, lehiakortasunez eta giro atseginez bustitako eguna, Ibarrurin
Ibarruriko zitak abiatu zuen aurtengo Urdaibai Kopa. Julen Aranguena kortezubitarra, Maialen Basterra gernikarra eta Leire Monasterio errigoitiarra izan ziren irabazleak, besteak beste.
Atzo lehiatu zuten Ibarruriko mendi lasterketa eta martxa, eta, beraz, aurtengo Urdaibai Kopa hasi da. 20 kilometro inguruko ibilbidea egin zuten korrikalari nahiz martxalariek eta, batik bat, Oiz aldera igo behar izan ziren, San Kristobal baselizara. Eguraldia ez zuten lagun izan parte-hartzaileek, giro lainotsua eta euria bota ahala izan baitziren egun osoan zehar; horrenbestez, ibilbideak zailtasun gehigarri bat izan zuen lasterkari zein ibiltari guztientzat: lokatza.
Gizonezkoen senior mailan Julen Aranguena kortezubiarrak irabazi zuen. Podiumean, gainera, Busturialdeko beste korrikalari bana izan zituen aldamenean: Ekaitz Lejarzegi ajangiztarra eta Kepa Bastegieta gernikarra. Horiez gain, lasterketako lehendabiziko hamarretan sartzea erdietsi zuten eskualdeko beste hainbat parte-hartzailek: Imanol Goñik, Aritz Martinek, Paul Ormaetxeak, Paul Goitisolok, Ibai Urrutiak… Irabazleak 1:45:16ko denbora behar izan zuen ibilbidea biribiltzeko, eta, garaipenaren ondorioz, Urdaibai Kopako sailkapen orokorreko lehen liderra da.
Emakumezkoen senior mailan, Maialen Basterra izan zen garailea, Maitane Garciaren eta Carolina Iglesiasen aurretik. Basterra gernikarrak 02:27:23ko denbora egin zuen. Aurtengo Urdaibai Kopan, estreinakoz, gizonezkoen nahiz emakumezkoen 23 urtez azpikoen eta beteranoen kategoriak sortu dituzte. Ibarrurikoa izan zen, hain zuzen ere, sailkapen berriok estreinatzen lehenengo proba. Gizonezkoen 23 urtez azpiko irabazlea Mikel Gonzalez izan zen, Ander Villanuevaren eta Jon Aranaren aurretik; beteranoen sailean, ostera, Javier Lozano izan zen txapelduna, Asier Korta eta Ander Zabaletaren aurretik. Era berean, emakumezkoen beteranarik onena Leire Monasterio errigoitiarra izan zen, Aitziber Juaristiren eta Eukene Guarrotxenaren aurretik sailkatuta; emakumezkoen 23 urtez azpiko irabazlea, aldiz, Irantzu Uriarte izan zen.
Saltsamendi Kirol Elkarteko antolatzaileak “oso pozik” agertu dira domekako parte-hartzeagaz eta sortutako giroagaz: “Mendi martxan, adibidez, 300 laguneko izen-ematea zabaldu genuen, eta oso-osorik bete da; aurtengoa trantsizio urtea da guretzat, eta jendearen erantzun horrek asko betetzen gaitu”. Hobetu beharreko puntuez itaunduta, argi dute: “Maila aldetik, emaitzek erakutsi dute Busturialdeko kirolariek gura besteko maila dutela aurrean egon ahal izateko; gure erronka, gaztetxoei eta, bereziki, emakumezko gazteei mendizaletasuna eta kirolzaletasuna kutsatzen jarraitzea da, adin muga horretan emakumezkoen parte-hartzea murritza baita”.