Istripua protagonista, Ereñoko Udala Sari Nagusian
Erorikoak eta ibilbide gorabeheratsua lasterketaren ardatza izan ziren. Laboral Kutxa taldeko Eñekoitz Azparren izan zen irabazlea.
Zapatuan [martxoaren 5ean] lehiatu zuten Ereñoko Udala Sari Nagusia. 15:30ean hasi zen txirrindulari lasterketak 23 urtez azpiko eta elite mailako ziklistak batu zituen; Euskaldun txapelketako bigarren proba izan zen Ereñokoa, aurreko astean lehiaketa abiatutako Zumaiako lasterketaren ondoren. Denboraldiko lehendabiziko lasterketek markatu ohi duten dinamikei jarraituz, Ereñoko saioa gogorra besteko urduria izan zen. Laboral Kutxa txirrindulari taldeko lasterkariak jaun eta jabe izan ziren, podiumeko lehendabiziko bi postuak erdietsiz: Enekoitz Azparrenek lortu zuen garaipena, eta bere taldekide Xabier Berasategi bigarren sailkatu zen.
Mendatez eta aldapaz josiriko ibilbideak ez zuen kale egin, eta esfortzua hasiera-hasieratik igarri zuten parte-hartzaileek; ibiblidearen orografiaz harago, gogortasuna beste faktore batek sortu zuen: erorikoek. Giro umelak eta tentsioak euren lana egin zuten, eta, ondorioz, eroriko gogor bat izan zen, 20. kilometro inguruan, Eako udalerrira sartzean. Hogei txirrindulariri baino gehiagori eragin zien istripuak, eta haietako bost lasterketatik kanpora geratu ziren, erietxera eroan behar izan baitzituzten; Eulen etxeko Xabier Aransolo gernikarra izan zen haietako bat, lepauztaia aterata. Ordubete inguruz neutralizatuta ibili ostean, antolatzaileek ibilbidea laburtzea erabaki zuten, eta txirrindularie, hortaz, azken 35 kilometroak lehiatu zituzten.
Ereñoko herrigunera igotzeko azken aldapa koskorrean ikusleek aukera izan zuten txirrindulariak indarrak muga-mugan zituztela helmugaratzen ikusteko. Laboral Kutxako Enekoitz Azparren eguneko irabazlearen eta Xabier Berasategi bigarren sailkatuaren ondoren. Laboral Kutxak eutsi egiten dio, beraz, denboraldi hasierako emaitza bikainen boladari; izan ere, Berasategik berak garaipena eskuratu zuen, duela astebete, Colindresen [Kantabria].