Aitor Etxebarriak etxekoen aurrean lortu du garaipena
Diego Iturriagagaz batera, Garferen binakako txapelketako bigarren partidua jokatu zuen, zapatuan, nabarniztarrak, Gernika-Lumoko Santanape frontoian, eta 22-20 irabazi zuten.
Gernika-Lumoko Santanape frontoiak Garferen bikotekako txapelketako hirugarren jardunaldiko partiduak hartu zituen, iragan zapatuan. Aitor Etxebarria nabarniztarrak lehiaketako bere bigarren partidua jokatu zuen Diego Iturriaga bikote zuela; lehendabizikoa Lodosan jokatu zuten, eta ez zuten garaipena eskuratu. Zapatukoak, baina, “balio gehigarria” izan zuen, Etxebarria II.aren ahotan: “Etxean jokotzeak beti dauka xarma berezia, eta zapatuan jende dezente hurreratu zen Santanapera”. Etxebarriak eta Iturriagak 22-20 irabazi zieten Labakari eta Aitor Irusta munitirbartarrari.
Partidu osoan zehar, bikote biak nor baino nor gehiago ibili ziren, eta saio oso gogorra izan zen, ondorioz: “Ez zen partidu erraza izan bi bikoteetako batentzat ere; maila oso altuan ibili ginen guztiok, berdintasuna jaun eta jabe izan zen amaierara arte, baina gure jokoa egitea lortu genuen, eta, azkenean, garaipena eskuratzea”, adierazi du Etxebarriak. Martxoaren 18an eta 27an izango dituzte Etxebarria II.ak eta Iturriagak Garferen binakako ligaxkako hurrengo bi partiduak: lehenengoan Iribarren eta Bergera izango dituzte arerio, Arnedon 17:30etik aurrera jokatuko den partiduan; bigarrena, aldiz, El Villar de Arnedon jokatuko dute, 17:00etatik aurrera, eta bertan Urbieta II. aren eta Aizpururen kontra arituko dira.