Zaindua izatearen eskubidea
Zaintza lana lehen lerrora eroango dute feministek. Zaindua izateko eskubidea aldarrikatuko dute Gernikan eta berdintasun zerbitzu duina eskatuko dute Bermeon.
Zaintzaren paradisu artifizialak erreko dituzte feministek. Zapaltzen dien sistemari sua emango diote. “Euskal Herriko Bilgune Feministaren sorreratik kendu nahi izan dizkiegu maskarak paradisuei, eztabaidan jarri, deserosoak izan”, diote Bilgune Feministakoek, eta helburu horregaz bat egin dute, besteak beste, Bermeoko eta Gernika-Lumoko feministek.
Oraingoan ere, zaintza lanen izango dute oinarrian Bermeoko eta Gernika-Lumoko aldarrikapenek. Izan ere, baldintzatutako urte hauetan zaintzaren ardurarik handiena emakumeei egokitu zaiela uste dute, bai zerbitzu publikoetan, bai etxebizitzetan. “Zaintza lana balioan jarri gura izan dugu urte hauetan, eta zaintza duina aldarrikatu dugun arren, ez da ezer aldatu. Okerrera egin du denak, eta manifestazioan ere hori islatu gura dugu”, azaldu dute Gernika-Lumoko Sare Feministakoek.
Aldarrikatu gura dute “denen” eskubidea dela zaindua izatea, baina salatu dute ez dela eskubide hori bermatzen: “Bakoitzaren baliabide ekonomikoaren araberako eskubide bat da zaintza, baita familiako andre kopuruaren araberakoa ere. Emakume horiek dira gehienetan zaintza lanetaz arduratzen direnak”.
Zaindua izateko eskubidea aldarrikatzeaz gain, baldintza duinetan eman beharreko zerbitzua dela azpimarratu dute, eta horretan lan egiten dutenen lan baldintzak ere duinak izan beharko liratekeela. Izan ere, zaintzeko beharra handitu egin dela uste dute, eta zaintzaileen lan baldintzak okertu egin direla: “Lan baldintza duinak izan behar dituzte zaintzaileek, baina, oraindik ere, baztertuta dagoen lana da, emakumeok egiten duguna, gehienetan emakume atzerritarrek”.
Busturialdeko Neska Gazteen taldeko Ane Elgezabalek dio emakumeek etxez etxeko zaintzan jarri gura dutela arreta. “Familia bateko emakume bakarra izanez gero, zure gain egongo da familiako zaintza. Zure lana bakarrik izango balitz bezala. Eta ez da horrela izan behar”. Umeen zaintzari ere egingo diote erreferentzia.
Horrez gain, instituzio publikoetatik bideratzen den zaintza ereduari buruzko hausnarketa egin gura dute sare feministakoek. Arlette Apraiz taldekideak esan modura, langile horien prekarizazio maila “izugarria” da. “Pandemia garaian txalo egin genien, baina inor ez da kezkatu euren lan eta bizi baldintzak hobetzeaz. Bizitza duin bat aurrera eramateko baldintza duinetan lan egin behar dute”.
«Zaintza sistema duina sistema publiko sendoan oinarrituta egon behar da»
Hori dela eta, sistema publiko indartsu baten alde borrokatu behar dela diote, “beharrezkoa den zaintza sistema hori sistema publiko sendo batean oinarrituta egon behar delako”.
Osasun arloa “pribatizatzen” ari dela eta horri muga bat jarri behar zaiola diote: “Horretarako inbertsio publikoa egin behar da osasungintza publikoan. Sistema publiko indartsu bat beharrezkoa dela diogu, eta horretarako neurriak badakigu zeintzuk diren. Lan merkatuaren prekarietateagaz ere amaitu beharra dagoela uste dugu”. Aldarrikatu gura dute eremu pribatuko zaintzaren ardura ez dela emakumeena bakarrik: “Zailena da aurrez zehaztutako ardura hori ez dela emakumeena bakarrik azaleratzea. Izan ere, gizartea aldatzea ez da hiru neurrigaz lortzen den zerbait, gauza asko aldatu behar dira. Momentuz salatu dugu hori ez dela kasualitatea, sistema heteropatriarkalean oinarritutako sistema normatibo baten ondorio zuzena dela”.
Berdintasun zerbitzua
Bermeoko herritarrak ere zainduak izateko eskubidea dutela dio Bihotza Unanue Bermeoko Mugimendu Feministako kideak. Hori horrela, Udal Berdintasun Zerbitzu integral bat egotea aldarrikatuko dute Martxoaren 8an, gaur egungo zerbitzuak «gabezia asko» dituela uste baitute.
Aurrez aurreko berdintasun zerbitzua eskatu dute, egungoa %100ean sarean egiten delako: “Duina izateko aurrez aurreko zerbitzua izan behar dela uste dugu”. Halaber, berdintasun zerbitzura bideratzen den aurrekontua handitzeko beharra plazaratuko dute martitzenean, “urte osorako 10.000 euro aurrekontua besterik ez dagoelako”.
Berdintasun zerbitzuko teknikaria udal langilea izan beharko litzatekeela diote eta ez azpikontratatua: “Nahi dugu teknikariak ikuspuntu feminista batetik lan egitea, eta herriko eragileekin harremanetan egotea”.
Herritarrengandik “urrun” dagoen zerbitzua dela uste dute, baita udaletik bertatik ere: “Teknikaria berria da, eta lanaldi erdi batean dago, bere etxetik beharrean. Ez ditu herritarrak, udal egitura eta herria ezagutzen, ezta bertan dagoen problematika ere. Ez da inorentzako erreferentea, eta uste dugu berdintasun arloko teknikaria herrian erreferente bat izan beharko litzatekeela”.
«Berdintasun zerbitzu integrala lortzea da helburua, hori egonkortzea»
Teknikariaz gain, zerbitzu espezifikoak egotea eskatuko dute. “Ez dago aholkularitza juridikorik eta psikologikorik, ezta hezkidetza programa bereziturik ere… Ez dago ezer. Aholkularitza juridikoa bazegoen, baina gero, kendu egin zuten. Duela lauzpabost urte, mugimendu feministaren presioz, lortu zen berdintasun teknikari bat egotea, baina agintaldi aldaketagaz, erraza izan da hori kentzea eta herritik kanpo dagoen beste zerbitzu bat kontratatzea”.
Helburua, baina, «zerbitzu integrala» lortzea dela dio, zerbitzu bat “haztea eta egonkortzea”. “Hemendik urte batzuetara postu finko bat egotea da helburua, eta hori erreferentziazkoa izatea. Eta ez kontratazio txikiak egitea». Gabezi horiek plazaratzeko asmoz, kalera ateratzeko beharra azpimarratu du Unanuek. «2022ko berdintasun plana dago indarrean, 2023ra arte luzatuko dena. Plana betetzen ari direla esango dute, baina ez da horrela. Berdintasun teknikariak 10.000 euroko aurrekontua baino ez dauka”.
Saretzeko aukera
Emakumeak elkartzeko eguna da martxoaren 8a, emakume desberdinen eta aldarrikapen desberdinen eguna. “Emakumeak oso desberdinak gara gure artean, baina norabide berdina daukagu”, diote Gernikako Sare Feministakoek.
Pertsonak ezagutzeko une garrantzitsua dela dio Unanuek: “Elkar ezagutzeko eta sarea zabaltzeko beste aukera bat izan daiteke. Bakoitzak bere lanari buruz berba egingo du. Gero, denok ditugun erronkak plazaratuko ditugu, bata bestearengandik ikasteko eta errealitate desberdinak ezagutzeko”.
Feministen arteko sarea sendotzeko, bi udalerrietako kideak mahai-inguruan batuko dira martxoaren 12an, Ean. Ez da lehenengo aldia halako mahai-inguru batean elkartzen direna, lehenago ere batu direlako, baina ez zioten jarraipenik eman: “Esperientzia ederra izango da, duela hainbat urte ere bildu ginelako eta ederra izan zelako. Batzea, elkartzea eta saretzea beharrezkoa da. Herri txikietakoak, handietakoak, Gernikakoak eta Bermeokoak antzekoak garela dirudien arren, oso desberdinak gara. Arazo desberdinak ditugu batean eta bestean. Eta polita da nagusi, gazte, elkarte eta ikuspuntu desberdinetakoak batzea”, diote sare feministako kideek. Bermeoko Mugimendu Feministakoek ere “elkar ezagutzeko beharrizana” dagoela uste dute: “Urte zailak izan dira, eta martxan jartzeko eta saretzeko beharra dago”.