Kanalan gertatutako hondakinen legez kanpoko isurketa bat salatu du Gautegiz Arteagako Udalak
Udalak agerian utzi gura du legez kanpoko isurketen aurrean daukan jarrera irmoa, eta gertakizun horiek salatuko dituela jakinarazi du.
Gautegiz Arteagako Udalak Kanaleko BI-3234 errepidearen ertzean oraintsu gertatutako obra hondakinen legez kanpoko isurketa bat salatu du Ertzaintzan, eta bertaratutako agenteak espedientea ireki dutela gaineratu du.
Udalak agerian utzi gura du legez kanpoko isurketen aurrean daukan jarrera irmoa, eta gertakizun horiek salatuko dituela jakinarazi du, ingurunea eta udalerriaren garbitasuna zaintzeko estrategiaren barruan. Izan ere, ingurumen erantzukizuna, osasungarritasuna eta estetika paisajistikoa errespetatu behar direla dio.
“Udal gisa ezin ditugu horrelako ingurumenaren aurkako gertaerak pasatzen utzi. Zaborren bilketa arautzen duen araudia daukagu, segurtasuna, osasungarritasuna, ingurumenarekiko errespetua eta guztiok gozatzen dugu paisaia zaintzeko. Horregatik salatzen ditugu horrelako ekintzak”, adierazi du Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkateak, eta ez dela lehen aldia esan du. Gainera, “antzeko ekintzak berriro ez errepikatzeko” eskatu du Naberanek.
Gautegiz Arteagak Udalak zaborrak gaika biltzeko udal zerbitzua dauka, eta gogorarazi du debekatuta dagoela eraikuntza edo birmoldaketa obretatik datozen era guztietako hondakinak bide publikoan uztea, modu berezi eta espezifikoan kudeatu behar direlako. Halaber, alkateak jakinarazi duenez, horrelako legez kanpoko isurketek aparteko gastua eragiten dietela diru kutxa publikoei, legez kanpoko obra hondakin horiek kentzeak eta dagokion hondakindegian bildu eta uzteak zerbitzuaren gainkostua daukalako.
Garbigunea. Udalak gogorarazi du Gautegiz Arteagako Basetxeta auzoan dagoela eskualdeari zerbitzua ematen dion Garbiguneetako bat, “hondakin guztiak bertan izteko aukera ematen duena”, baita hondakinak non bota behar diren zehazten duena ere.
Gogoratu du, gainera, hileko bigarren eguaztenetan tamaina handiko produktuak batzeko zerbitzua dagoela udalerrian. “Edukiontzi askok tamaina handiko zaborra batzeko egutegia daukate adierazita. Horrelako gauzak ezin direla edozein egunetan utzi gogoratu gura dugu. Bilketa hilean egun bat da, eta data hori errespetatu behar da. Bide publikoa ezin da izan hondakinak kontrol barik uzteko lekua, guztion onerako errespetatu beharreko araudia dago”, adierazi du alkateak.