Arrizabalaga eta Beitia, irabazle
Janire Arrizabalagak eta Olatz Beitiak 22-11ko garaipena eskuratu zuten herenegun, pilota mistoko promozio mailan, Seguran jokatutako norgehiagokan.
Janire Arrizabalaga pilotari gernikarrak eta Olatz Beitia lekeitiarra osatutako bikoteak 22-11 irabazi zion herenegun, Segurako Baratze pilotalekuan, Olatz Insaustik eta Eider Zubizarretak osatutakoari. Pilota mistoko promozio kategoriako norgehiagoka izan zen herenegun jokatutakoa, eta, garaipena erdietsita, Beitiak eta Arrizabalagak finalaurrekora urratsa egin dute.
Gernika-Lumoko pilotaria zalantzaz eta, aldi berean, indartsu iritsi zen hereneguneko partidura: “Alde batetik, aurreko saioan izandako sentsazio onekin nengoen, baina, era berean, talde aurkariaren arduratan nintzen, urduri samar”. Zubizarreta eta Insausti, hain zuzen ere, hasiberriak dira pilota mistoaren mailan, eta Arrizabalaga bera ere bai. Bere bigarren saioa izan zen kategoria horretan, palaren alorretik datorren pilotaria baita. Hasiera-hasieratik Beitia eta Arrizabalaga sendo agertu ziren; norgehiagokaren erdibidean, baina, Zubizarretak eta Insaustik haiekiko zuten aldea murriztu egin zuten; amaieran, dena dela, Beitiak eta Arrizabalagak partidua poltsikoratzea lortu zuten.
Halaber, Arrizabalagak ontzat jo du orain arte jokatutakoa, hobetzeko alderdiak ere badituen arren: “Gogor entrenatzen jarraitu behar dut, batik bat, pilotari emateko gorputz keinuari dagokionez; palatik nator, eta esku pilota, zentzun horretan, nahiko bestelakoa da”. Hori bai, Beitiagaz daukan hartu-emanari buruz, ez du inongo zalantzarik: “Bikain ezagutzen dudan pilotaria da; palan genbiltzanetik bikote gisa izan dudan bikotea da, eta ederto ulertzen gara frontoian, horrek dakartzan abantailekin”. Finalaurrekora begira, oraindik ez daukate aurkari finkorik, baina argi dute beraiek baino eskarmentu handiagoko bikotea izango dela, eta, hortaz, irabazteko “benetan zaila” izango dela uste du Arrizabalagak.