Lointek Gernika Bizkaia, partidu amaiera txarren mozorroa erantzi ezinik
Casademont Zaragozaren kontrako norgehiagoka 57-62 galdu zuen talde gernikarrak, sendotasuna eta erregulartasuna erakutsi arren.
Lointek Gernika Bizkaiak intentsitatez eta ideia garbiekin abiatu zuen, atzo, Malosten jokatutako Casademont Zaragozaren kontrako partidua. Maskara kenduta eta ziurtasunez hasi zen norgehiagoka, eta lehendabiziko bost minutu eta erdietan markagailua 11-8ra eroatea erdietsi zuen talde gernikarrak. Artean, Margaret Roundtreeren ekarpena nabarmendu zen: kontraerasoan eta jokaldiak bikain biribilduz hasi zuen partidua, eta Zaragozako taldea lehenengo hutsartea egitera behartu zuen. Lehen laurdenean, falta pare bat egin arren, Mario Lopezen neskek euren mailarik onena erakutsi zuten. Argi izan zuten etxean garaipena lortzea taldearentzat benetan garrantzitsua dela, emaitza onik gabeko lau partidutatik baitzetozen Lointekekoak. Casademont Zaragoza taldeari dagokionez, lehen aldi horretan Hempe eta Calhoun izan ziren jokalaririk azpimarragarrienak, eta eurek egin zituzten jokaldirik arriskutsuenak. Lehen zatiaren amaieran, goi mailako jokoa eta berdintasuna izan ziren nagusi: 15-13.
Bigarren aldia hasteagaz batera, baina, ohikoegiak bihurtzen hasi diren beherakadetako batek hartu zuen Lointek Gernika Bizkaia; 2-7ko partzialaren ostean, Casademont Zaragozak itxura lehiakorragoa erakutsi zuen, eta horrek talde gernikarraren jokoa blokeatu zuen. Horrenbestez, Buchek bertikaltasunerako joera hartu zuen, eta Mario Lopezek beste sistema bati heldu zion: Buch, Higgs eta Silva jokoratu zituen. Aldaketa horrek Gernika berriz sartu zuen partiduan, eta distantziak laburtzea ahalbidetu zien. Era berean, saio osoko erakarpen fokuetako bat Moore eta Hemperen arteko markaketa izan zen, Buch eta Delaereren artekoaz gain. Bigarren aldiaren amaiera orduko, Bettencourtek 29-35ean utzi zuen markagailua, eta etxekoenganako ardurak dezente gora egin zuen.
Hirugarren laurdenean, ildo beretik egin zuen norgehiagokak: Zaragozako taldeak maila altuari eutsi zion, eta, minutu pare baten buruan, 29-39koa ezarri zuten. Lointek Gernika Bizkaiaren ahulgune esanguratsuena, gainera, erakutsitako saskiratze maila baxua izan zen. Joko ona zerabilten, maila bikainekoa, mugimendu egokiduna, baina presak eta ezinegona nabari zitzaizkien Lopezen jokalarieri, eta horiek ez zuten laguntzen partiduari buelta emateko saiakeran. Hori gutxi ez, eta 0/5 hiruko jaurtiketetan. 29-41ekoagaz batera eta punturik gabeko lau minutu luzeren ostean, Lopezek hutsartea eskatu zuen etxeko taldearentzat, talde aurkariko Hempe egiten ari zen triskantzaren aurrean.
Lopezek bere lau erraldoiak jokoan sartu zituen: Bjorklund, Arrojo, Roundtree eta Ginzo. Aldaketa horregaz, jokoaren mailak zertxobait gora egin zuen, eta 8-2ko partziala eskuratu zuten. Amaitzeko hamabi minuturen faltan, Buchek bere lehen hiruko jaurtiketa saskiratu zuen; dena dela, aurkariek ere bikain kudeatu zuten beraien jokoa, batik bat, Bettencourti esker. Hirugarren laurdeneko argigune nagusia, oro har, talde gernikarraren zelanbaiteko suspertzea eta jokoari eusteko borondatea izan zen.
Melisa Brcaninovic azken laurdenean jokoratu zen, eta hainbat saiakera egin zituen egoera iraultzeko, emaitza barik. Emaitzak jaso zituena, halaber, Buch izan zen: Casademont Zaragoza presiopean jartzea lortu zuen, bost puntu erreskadan eskuratuz, eta markagailua 47-50era eroanez. Lointekek eta Malosteko ikusleek asko estutu zuten aurkaria. Hori bai, zaragozarrek bost puntu goitik jarraitzen zuten. Bjorklund eta Mooreren arteko konexioak fruituak eman arren, Delaerek talde gernikarrari min handia egin zion hiruko jaurtiketa bikaina saskiratu zuen. Amaierarako bi minutu geratzen zirenean, Roundtreek 55-57koa lortu zuen. Bjorklund ez zen gai izan jartiketara sartzeko, eta Hempek bere maila itzelari eutsi zion; minutua eta bost segunduren faltan, markagailuak 55-59 erakusten zuen. Azken txanpan, azken partiduetako urduritasunaren eta zalantzen mozorroak Lointek Gernika Bizkaia izoztu egin zuen, eta Casademont Zaragozaren kontrako aukerak ihes egin zien Malosten: 57-62.
Partidu amaieran, Lointek Gernika Bizkaiako Belen Arrojok aitortu zuen lortutako emaitzagatik “minduta” ageri direla: “Irabaztea merezi izan dugu, oso gogor saiatu baikara; batez ere, hirugarren laurdenean asko sufritu dugu partidua buelta emateko eta maila altuari eusteko”. Arrojok, gainera, azaldu zuen hirugarren eta laugarren laurdenetan goi-mailan ibiltzea dela talde gernikarraren erronka nekezenetako bat, eta ahalegin horretan ibili zirela: “Normalean baino hobexeago ibili gara bi aldi horietan, eta zentzu horretan pozik nago. Dena dela, esfortzua ez da islatu jasotako emaitzan; horregatik, penaz hartu dugu porrot hau, emaitza ez da positiboa guretzat”.