Denboraldi hasiera sendoa Pello Bilbaorentzat, basamortuko errepideetan
Tadej Pogacarren eta Adam Yatesen atzetik sailkatu da Gernika-Lumoko txirrindularia UAE Tourrean.
Pello Bilbaok hirugarren bukatu du World Tourreko aurtengo lehendabiziko itzulia. Bahrain Victorious taldeko txirrindulari gernikarrak goi mailako aurkari bi izan ditu aurretik sailkapen orokorrean: Tourrean birritan garaile izandako Tadej Pogacar esloveniarra eta INEOS Grenadiers etxeko Adam Yates britainiarra. Pogacarren UAE Team Emirates taldeak, gainera, etxeko lasterketan lortu du garaipena. 2022ko Arabiar Emirerri Batuetako itzulia otsailaren 20tik 26ra bitartean lehiatu dute aurten. Lehendabiziko bi etapak leunak izan ziren; egun bi horietan, zaleentzako interesgune eta ziklistentzako arrisku bakarretakoa haizea izan zen. Hirugarrena izan zen, ostera, sailkapen orokorrerako lehenengo egun esanguratsua: bederatzi kilometroko erlojuaren kontrako bakarkako saioa. Egun horretan hurreratu zen Bilbao goi mailako txirrindularien denboretara, etapan 21. sailkatuta eta sailkapen orokorrean lehen 20 postuetara inguratuz.
Jebel Jaisen amaitutako lehenengo mendiko etapa hamargarren bukatu zuen Bilbaok, eta sailkapen orokorreko lehen hamarretarako atea parez pare zabaldu zitzaion: zazpigarren posturaino igo zen. Baina hurrengo bi etapa leunen ondoren eman zuen gernikarrak erakustaldia: Jebel Hafeet mendatean kokaturiko helmugara hirugarren heltzea lortu zuen, azken igoeran lasterketako hautagai nagusien pare ibili ondoren. Pogacar eta Yates baino ez zituen izan aurretik bai azken etapan, bai azken sailkapenean.
Bilbao azken orduan joan da UAE Tourrera, hasiera batean ez baitzeukan lasterketa hori aurtengo denboraldiko planen artean. Datozen zitei begira, Strade Bianche klasiko italiarra lehiatuko du zapatu honetan; datorren astean, martxoaren 6tik 13ra bitarteran, aldiz, Tirreno-Adriatico astebeteko itzulia lehiatuko du, hori ere Italian. Denboraldiko lehen erdiko erronkei dagokienez, aurten Busturialdetik nahiz Lea-Artibaitik pasatuko den Itzulian egongo da Bilbao, eta, ondoren, Mikel Landagaz batera lehiatuko du Italiako Giroa, alegia, denboraldiko lehenengo hiru asteko itzuli handia.