"ZUGA lehenago jaio beharko litzatekeen egitasmoa da"
Asier Zugadi Bengoa gernikarrak ZUGA bakarkako musika ibilbidea abiatu du. Hiru aurrerapen kanta grabatu eta kaleratu ditu: ‘Gure itsasoa’, ‘Sue euri azpidxen’ eta ‘Ereindakoak’.
Duela astebete estreinatu zen Asier Zugadi bakarlari bezala, Legazpin emandako kontzertuan. Martxoaren 13an Gernika-Lumoko Lekuek jaialdian joko du.
Nondik dator ZUGA bakarkako musika proiektua sortzeko ideia?
Betidanik ibili naiz musikaren munduan murgilduta, baina egitasmo pertsonala pandemia garaiko abesti batzuetatik dator, 2019tik. Etxean sortu nituen, eta gero Sarkor nahiz Inner taldeetako Asier Musatadigaz landu nituen lokalean. ZUGA aspalditik egin nahi nuen proiektua da, baina oraintsura arte ez naiz bakarkako saltoa ematera ausartu.
Nola definituko zenuke ZUGA?
Proiektu honen onena da moldakortasuna: aretoaren arabera, bakarka jo dezaket, baina taldeagaz jotzea ere ahalbidetzen dit. Adibidez, Joseba B. Lenoirren moldeagaz lotzen dut. Momentuz, bakarrik jotzen hasiko naiz, baina ate guztiak zabalik ditut.
Zelan grabatu duzu?
Foruko Baldatika auzoan egin dut, Gorka Leonen On Stage estudioan. Gitarra akustikoaren lerro batzuetatik abiatu nintzen; behin oinarri erritmikoa finkatuta, Musatadik bateria grabatu zuen, eta, ostean, nik gainontzeko instrumentuak gehitu ntuen. Grabaketak modu naturalean egin genuen, nire aurrekontura moldatuta, eta pozik nago hiru abestiekin lortutako soinuagaz eta, oro har, esperientziagaz.
Zein da lortu duzun soinu hori?
Oso pertsonala da, baina hainbat iturritatik edaten du, eta aldaketetara oso zabalik dago. Orokorrean, Kiss bezalako 60ko eta 80ko hamarkadako hard rock kutsuak erakarri nau, baina uste dut erregistro pertsonala ondu dudala.
Zelakoa da zure sormen prozesua? Nola funtzionatzen duzu?
Gehienetan, melodia batetik abiatzen naiz; horri gitarraren zatia gehitzen diot, eta gero hitzak sortzen ditut. Orain arte kaleratutako hiru aurrerapen abestien hitzak, hain zuzen, berba batetik abiatuta josi ditut. Sue euri azpidxen kantuan erresistentzia izan zen berba gakoa, esaterako; Ereindakoak-en, ostera, zaintza izan zen. Oro har, ahalik eta hitz gutxien baliatzen saiatzen naiz, sinpletasunera eta entzulearengana ahalik-eta zuzenen ailegatzeko helburuagaz.
Proiektuak hainbat iturritatik edaten du, eta aldaketetara oso zabalik dago.
Hiru aurrerapen abestiak gerora ernalduko den lan luzeago baten haziak al dira?
Urtea amaitu orduko, EP bat plazaratu gura nuke, baina lana soinu jakin batera bideratuta egotea gustatuko litzaidake. Hiru singleak modu intuitiboagoan planteatu ditut, saiakera bat legez; lan laburrak, aldiz, batasun eta noranzko jakin bat izatea nahiko nuke, oraindik ezer aurreratu ezin dezakedan arren.
Egun, talde askok musika banakako single bidez kaleratzen dute, entzuleari musika dosi txikiak emateko. Hausnarketa hori egin duzu zuk ere?
Gutxi gorabehera, bai. Buruan daukadan diskoa EPa izango delakoan nago, alegia, iraupen laburreko lana. Egun, musika bat-batean kontsumitzen da, eta ez dago ohiturarik albumak osotasunean eta hasieratik amaierara kontsumitzeko. Beraz, musikaren industriak agintzen duen erritmora egokitu beharra dago.
Zelan deskribatuko zenituzke hiru aurrerapen abestiak?
Gure itsasoa irrati single baten bilaketa da; Sue euri azpidxen power balada baten kanonagaz bat egin dezakeen kantua da; Ereindakoak, aldiz, pop rock abestiaren formulagaz bat egiteko saiakera da. Orokorrean, hirurak pop rock kutsukoak dira, baina bakoitzak ezaugarri ezberdinak ditu, estilo beraren barruan. Oraingoz, hoberen funtzionatu duena irrati formularen inguruko abestia izan da: Gure itsasoa. Egia esan, hori horrela izango zela sumatzen nuen hasieratik, errepika itsaskorra dauka eta. Hitz bitan: irrati formula ia beti izaten da eraginkorra.
Azalerako argazkiak Iosune de Goñik egin ditu. Nondik dator elkarlan hori?
Iosune lagun mina dut, eta bere argazkiak oso esanguratsuak eta egokiak begitantzen zaizkit abesti horietarako. Iruditegi nostalgikoa bilatu dugu: abestiak eta argazkiak ildo beretik doaz. Musika estilo berrien gorakadak irakurketa zaharkitua eman dio pop rockari, eta argazki analogikoek ere iragankortasun hori transmititzea gura nuen. Datorrenari begira, estilo horregaz jarraitzeko asmoa dut, Iosunek bikain ulertzen baitu nik nire musikagaz bilatzen dudan guztia.
Gernika-Lumoko musika eszenarentzat oso interesgarria izango da 2022a.
Zuzenean bakarrik jotzea aurreikusten duzu?
Momentuz, bai. Prestatu dudan lehendabiziko abesti zerrenda bakarka jotzeko eginda dago. Etorkizunean, baina, proiektuaren moldagarritasuna probestuko dut, eta, beharbada, taldekide batzuk bilatuko ditut. Hilabete barru, diskoaren gidalerroak atonduko ditut, eta orduan bai planteatuko dut beste musika-tresna batzuk sartzea eta, ondorioz, beste musikari batzuei nigaz jotzeko proposatzea.
Labana taldean ere baxu jotzaile zabiltza. Zelan uztartzen dira hainbeste egitasmo?
Ezin da ukatu denbora eta lana eskatzen dutela. Dena dela, bakarkako proiektua lantzerakoan, etxetik eta nik neuk aurrera ditzaket eginbeharrak, modu autogestionatu batean. Taldean, berriz, taldekideen agendek asko moldatzen dute erritmoa. Zentzu horretan, ZUGAk lasaitasuna ematen dit, tarte bat dudanean landu dezakedan ekimena delako eta ez dudalako inogaz geratu beharrik edo beste norbaiten pentsuan egon beharrik.
Gernika-Lumoko musika eszenak loraldia bizi du. ZUGAz gain, Inner, Kolpeka, Myotones, Labana, Feline eta beste hamaika talde taularatu dira.
Hala da. Uste dut 2022a oso interesgarria izango dela. Hainbat estiloko disko ugari kaleratuko dira. Inner taldea sortu da; Myotones, Labana, Feline, Kolpeka, The Riff Truckers eta Bullets of Miseryk albumak kaleratuko dituzte; Blaster Mkoak ere sortzen dabiltza… Urte polita datorkigu.
Zein da ZUGAren ametsa?
Jendearen soinu bandaren parte izatea. ZUGA lehenago jaio beharko litzatekeen egitasmoa da; horixe da nire damu bakarra.