Sahararako 4.110 kilo jaki batu ditu Besaldek eskualdean
Norbanakoen diru laguntzak ere jaso dituzte; 710 euro batu dira elikagaiak erosteko. 'Piztu Itxaropena' XVIII. Euskal Karabana martxoaren 5ean abiatuko da Donostiatik.
Besalde Bermeoko Sahararen aldeko elkarteak Euskal Karabanarako jakiak batu ditu Busturialdean, eta urtero egin legez, batutakoaren berri eman du. Aurten 4.110 kilo jaki batu dituztela azaldu dute elkarteko ordezkariek. Urtero egin legez, herritarrei eskerrak eta informazioa ematen egongo dira domekan, Lameran.
Aurtengo bilketa iazkoa modukoa izan da. COVID-19aren eraginez, ez dituzte elikagaiak batu eskualdeko denda eta supermerkatuetan. Horren ordez, eskualdeko hezkuntza zentroetan eta San Frantzisko elizako arkupeetan batu dituzte jakiak. Kanpaina “bikain” atera dela esan dute, eta hezkuntza zentroetan beste urte batzuetan baino gehiago batu dela gaineratu dute.
Batutako janariaz gain, norbanakoen diru laguntzak ere jaso dituzte; 710 euro batu dira. Batutako diru hori jakiak erosteko erabili dutela azaldu dute elkarteko ordezkariek. Aurten, gainera, osasun materiala ere batu dutela aipatu dute, baita ere gurpil-aulki bi eta hanka ortopediko bat.
Ohi legez, Bermeoko Udalak diru laguntza eman du. Hain zuzen ere 4.000 euro eman ditu karabanako logistikarako.
Iaz egin modura, kamioirik karga ez eta batutakoa furgonetetan eroan dute Bilboko biltegira, hiru bidaia eginez.
Kanpainan parte hartu duten norbanako, elkarte, denda, enpresa, hezkuntza zentro eta udal guztiei eskerrak eman dizkiete, bai eta ere parrokiei eta San Frantzisko elizari lokalak uzteagatik.
Jakitera eman dutenez, Piztu Itxaropena XVIII. Euskal Karabana Solidarioa Donostiatik abiatuko da martxoaren 5ean, Busturialdean eta Euskal Herriko beste hainbat herritan egindako bilketagaz.