Bizkaiko Psikologia Elkarteak Batzarretxea bisitatu du
Bi hamarkadatan, 2.650 profesional baino gehiagok lan egin dute bertan; horietatik %85 emakumeak izan dira.
Bizkaiko Psikologia Elkargoaren ordezkaritzak Gernika-Lumoko Batzarretxea bisitatu du gaur arratsaldean. Begoña Rueda dekanoa buru duela egin du bisita.
Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofiziala 2001ean hasi zen beharrean, eta bi hamarkadatan, 2.650 profesional baino gehiagok egin dute lan bertan; horietatik %85 emakumeak izan dira. Zehaztu dutenez, kolektibo horrek bere ikusgarritasuna handitu du pandemia garaian, izan ere, pandemiak buruko osasunean eta herritarren ongizate emozionalean eragin handia izan du. “Egoera honetan, nabarmen ikusi da profesional horiek zein garrantzitsuak diren”, zehaztu du Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak.
Otaduik bisitariekin batera zeharkatu ditu Bizkaiko parlamentuaren egoitza ofizialeko bulegoak eta interesguneak, horien artean, Beiratearen Aretoa, osoko bilkuren aretoa edota Gernikako arbola. Bisita amaitzeko, Batzarretxeko Ohorezko Liburua sinatu dute Elkargoko ordezkariek, aurreskuaren eta haritzaren aurrean argazkia atera ostean.