Barandikak eta Lekerikak finalaurrekorako txartela galdu dute
Atzo Olharan eta Etchetoren kontrako norgehiagoka galdu ondoren, Jai Alai Winter Series txapelketatik kanporatuta geratu dira bi gernikarrak.
1.400 pertsonaz betetako Jai Alai frontoiak Jai Alai Winter Series ligaxkako A taldeko finalerdietarako partidua bizi izan zuen atzo. Etxeko bi pilotariak, Xabier Barandika eta Unai Lekerika, Olharan eta Etchetoren kontra lehiatu ziren, baina ez zuten garaipena eskuratu herriko ikusleen aurrean, eta, beraz, ez dira sailkatu txapelketako hurrengo fasera.
Atzoko norgehiagokan, presioa dezente handiagoa zen Barandikak eta Lekerikak osatutako bikote gorriarentzat, etxean jokatzeagatik. Tentsio hori bidelagun izan zuten partidu osoan zehar, eta horrek pelotari gorrixken zenbait hankasartze ere sortu zituen, batez ere, lehendabiziko setean. Dena dela, Barandikak maila oso erregularra erakutsi zuen saio osoan, defentsa lan aipagarriagaz. Olharani ez zion utzi jokoa bilatzen zuen eremura eroaten, eta, horrenbestez, setak boladaka-boladaka egin zuen aurrera, bi bikoteetako baten nagusitasun azpimarragarririk barik. Urdinek 3-6 aurreratzea lortu arren, gernikarrek sei tanto egin zituzten erreskadan, 9-6ra heltzeko. Olharan eta Etchetok bederatzira berdindu zuten ondoren, setaren amaiera orduko; tarte horretan, hain zuzen ere, tantorik ederrenak gozatu zituzten frontoira hurreratutako ikusleek. Gorriek 14-10ekoa lortu zuten, eta, lehenengo aldiaren amaieran, 15-13koa. Aipagarria, era berean, Lekerikak eskumagaz egindako tantoak eta Olharanen joko bikaina.
Bigarren seta benetako gerra izan zen. Olharanek gehiago arriskatu zuen, jokoan zegoen sari potoloa buruan baitzuen: seta irabaztea edo ligaxkari agur esatea. Halaber, Lekerikak ezker masailalbo hezurrean pilotakada bat jaso zuen, erreboteko hormaren parean zegoela; dena dela, ez zuen inongo arazorik izan jokatzen jarraitzeko. Bere aurrelari Barandikari dagokionez, maila altuari eutsi zion, eta bere defentsa lan sendoagaz helburu bikoitza erdietsi zuen: batetik, Olharanen tanto ugari ekiditea; bestetik, erremate bikainak egitea.
Baina atzoko Etcheto eta Olharan ez ziren izan, inondik inora, ligaxkako hirugarren jardunaldiko berberak: lehenengoak errebeskada onak utzi zituen, pilota atzera jaurtiz; bigarrenak, ostera, airera sartzean oinarritu zuen bere jokoa, Lekerikak eskumagaz egindako jokaldiei erantzuteaz gain. Aipagarria, bestalde, Olharanek zailtasunak izan zituela jokaldiak ezker hormara bideratzeko, baina, nolanahi ere, bigarren setean bere jokoa gailentzea lortu zuen. Horri esker, bigarren aldiaren hasieran egindako 3-4 tantoko aldeari eustea lortu zuten urdinek: 4-8, 6-11, 8-12, 11-13 eta 11-15. Gainera, set amaieran, bikote gorria erabiltzen ari zen pilota bizia puskatu zen.
Berdinketa hausteko seta maila oso altukoa izan zen, gogor borrokatutako tantoduna, tentsioz gainezka eta erremate bikainekin. 1-1 eta 2-2ko berdinketa fasearen ondoren, Etchetok ustekabeko tanto bat egin zuen, eta bikote urdinari garaipenerako bidea argitu zitzaion: 2-3 eta 2-5. Merezitako emaitza Olharan eta Etchetorentzat, beraz.
Erkiagak eta Zabalak osatutako bikotea pasatuko da Jai Alai Winter Serieseko A taldeko lehenengo modura, zazpi puntugaz. Atzo garaipena eskuratutako Olharan eta Etcheto bigarrenak dira, hirugaz; Barandika eta Lekerika gernikarrak, ostera, kanporatuta geratu dira, puntu bigaz. Hurrengo astelehenean [otsailaren 28a] argituko da B taldetik finalaurrekoetara pasatuko diren bi bikoteak zeintzuk izango diren. Goikoetxeak eta Aimarrek Arbe eta Lopezen kontra jokatuko dute; azken bi horiek partidua 0-2 irabaztera eta batez besteko tanto alde ona egitera derrigortuta daude, finalerdietara pasatuko badira. Osterantzean, Goikoetxeak eta Aimarrek osatutako bikotea eta Beaskoetxeak eta Aldazabalek osatutakoa izango dira ligaxkan aurrera egingo dutenak.
Bien bitartean, Jai Alai Winter Serieseko astelehen gernikarrak arrakasta itzela izaten ari dira, bai edukiera aldetik, bai pilotarien maila aldetik. Osotara, lau norgehiagoka falta dira txapelketa burutzeko. Hurrengo asteleheneko partiduaz gain, martxoaren 7an lehen finalaurrekoa izango da: A taldeko bigarren bikotea eta B taldeko lehenengoa elkarren kontra lehiatuko dira. Martxoaren 14an, aldiz, bigarren finalaurrekoa, A taldeko lehenego bikotearen eta B taldeko bigarrenaren artekoa. Jai Alai Winter Series ligaxkako final handia, berriz, martxoaren 20an egingo dute.