Ikaspen eta esperientzia ederra Xixili taldearentzat, Zaldibarren
Zaldibarko Olazar frontoian lehiatu zuten Xixilikoek, beste klub batzuetako partaideekin nahasian egindako taldekako lehiaketan. Olinpiaden ostean gertatu ohi den araudi aldaketagaz lehen hartu-emana ere izan zuten parte-hartutako gimnastek.
Xixili gimnasia erritmikoko taldeko partaideek Zaldibarren lehiatu zuten joan den asteburuan, bertako Olazarmendi Erritmika Taldeak antolatutako konpetizioan. Txapelketa domekan izan zen, udalerri horretako Olazar frontoian, eta Xixiliko federatu baseak parte hartu zuen, hainbat kategoriaren barruan. Izan ere, Bizkaiko gimnasia erritmikoko hainbat klub nahiz elkartetako kideek elkarregaz lehiatu zuten, euren artean nahasitako taldeetan.
Lehiaketaren helburu nagusiak, Xixiliko ordezkariek adierazitakoaren arabera, “toki eta jatorri desberdinetako gimnastak beraien artean ezagutzea” eta “elkarregaz ondo pasatuz ikastea” izan ziren. Bost partaidez osatutako taldeak lehiatu zuten Zaldibarren; Xixili taldetik gazte mailako gimnasta bi, kadete mailako bat eta bost indibidual aritu ziren. Halaber, azaldu dute lau urtero, Joko Olinpikoak egiteagaz batera, lehiaketetako araudia aldatu egiten dela; horrenbestez, legedi berria ezagutzeko eta bere ezaugarrietara egokitzeko parada izan zuten parte-hartzaileek. Xixilikoek, besteak beste, Sakoneta, Santutxu edota Olazmendi klubetakoekin konpetitu zuten, talde berean.
Osotara, hiru talde aurkeztu zituzten Busturialdekoek. Lehenengoan, Xixiliko bakarkako gimnasta bi egon ziren: gazte mailako bat eta kadete mailako beste bat. Bigarren taldean, aldiz, gazte mailaren barruko gimnasta gaztetxoak lehiatu ziren. Hirugarrenean gazte mailaren barruko nagusiak ibili ziren. Datozen zitei dagokienez, bi aste barru izango dute hurrengoa; Bizkaiko txapelketarako baliogarria izango da. Ordura artean, “araudira moldatzen jarraitzea” izango dute lanerako jomuga.