Olatz Arrizabalaga eta Enara Gaminde, finalerdietara
Olatz Arrizabalaga gernikarrak eta Enara Gaminde laukiztarrak 22 eta 4 irabazi diete Miriam Arraizari eta Itxaso Erasuni. Binakako Master Laboral Kutxa txapelketaren finalerdia martxoaren 13an jokatuko dute.
Olatz Arrizabalaga gernikarrak eta Enara Gaminde laukiztarrak Binakako Master Laboral Kutxa txapelketa honetan oso serio doazela berretsi zuten atzo [otsailak 20] Ormaiztegin. Miriam Arraizari eta Itxaso Erasuni 22-4 irabazita, pilota mistoko elite mailako finalerdietarako txartela eskuratuta. Lehenengo jardunaldian Amaia Aldai eta Andrea Capellanen aurka maila handia erakutsi ostean, atzo, Zubipe pilotalekuan, partida oso handia jokatuta, aukerarik txikiena ere ez zieten eman euren aurkariei.
Arrizabalaga: “Bi partidu hauetan erakutsi dugu bikote faboritoetako bat garela. Uste dut bikote oso ona osatu dugula, eta partiduak oso serio jokatu ditugula”
Markagailuak erakusten duen modura, erraz lortu zuten garaipena. Frontoia oso bizia da, eta Arrizabalagak eta Gamindek pilota nahikoa biziak aukeratu zituzten. Saketik min asko egin zuen aurrelari gernikarrak; tanto asko egin zituen horrela. “Uste dut partidu oso serioa egin genuela, eta euren jokoa egiteko aukerarik ez genien utzi. Piloteo askorik ez zen egon”. Izan ere, gorriek abiadura edota erritmo bizia ezarri zuten, eta aurkariak ezinean aritu ziren, erritmo horri eutsi ezinik.
Arrizabalagak eta Gamindek itxaron egin beharko dute finalerdietarako aurkariak zeintzuk izango diren jakiteko. Beste multzoko bigarren bikote sailkatuaren kontra lehiatuko dira martxoaren 13an. “Beste multzoko partiduak atzeratuta ari dira jokatzen, eta beraz, datozen bi asteetan erabakiko dira. Partidu askogaz ibili gara, eta atseden hau ondo etorriko zaigu, eskuak ondo ipintzeko eta finalerdietako partidu hori ondo prestatzeko”.
Martxoaren 27ko finala jokatzea eta txapela lortzea da gernikarraren eta laukiztarraren helburua. Kanporaketa faseko bi partiduetan erakutsitakoa eginez gero, aukera asko dituzte: “Bi partidu hauetan erakutsi dugu bikote faboritoetako bat garela. Uste dut bikote oso ona osatu dugula, eta partiduak oso serio jokatu ditugula”.
Aldai-Capellan bikotea ere finala lehiatzeko hautagai moduan ikusten du Arrizabalagak. “Uste dut txapela lortzeko beste faborito batzuk eurak direla. Lehenengo partiduan 22 eta 16 irabazi genien, baina edozeinek irabazi zezakeen. Berriro elkarren kontra jokatuz gero, uste dut partidu oso gogorra izango zela, eta %100 baino gehiago eman beharko genukeela”.