'Bou Bizkaia' izan da azkarrena Oriako Traineru Jaitsieran
Gizonezkoetan Bermeoko Arraun Elkarteak eta emakumezkoetan Orio Arraun Elkarteak irabazi dituzte banderak.
Oriako 28. Traineru Jaitsiera zapatu arratsaldean (otsailak 19) lehiatu zuten, eta gizonezkoetan Bermeo-Urdaibai eta emakumezkoetan Orio izan ziren onenak.
Garaipena eta bandera “munduko arrantzale guztiei eta euren familiei” eskaini zieten, eta batez ere, Cristofer Gonzalez Urdaibaiko arraunlari izandakoari eta Galiziako Pitanxo herriko familiei, “momentu gogor eta zailak bizi dituztelako”.
20 minutu, 19 segundo eta 96 ehunenetan estropada amaituta eskuratu zuen bandera Bermeoko klubak; segundo bakarreko (01,15) errenta atera zion Hondarribia bigarren sailkatuari. Donostiarra sailkatu zen hirugarren, irabazlearengandik zortzi segundo eta 79 ehunenera.
Bermeoko Arraun Elkarteak bere historian bigarrenez irabazi du Oriako Traineru Jaitsiera; 2011n lortu zuen aurrekoa.
Emakumezkoen traineruen artean, ostera, alde handiagoa egon zen. 14.59,75 markatu zuen amaiera Oriok, eta Tolosaldea Arraun Kluba bigarrenak hamazazpi segundo eta 61 ehunen gehiago behar izan zituen estropada burutzeko. Gizonezkoetan modura, emakumezkoetan ere Donostiarra hirugarren postuan geratu zen, etxeko taldearengandik 25 segundo eta 52 ehunenera.
Bestalde, Mundakako eta Elantxobeko klubetako arraunlariek ere lehiatu zuten estropada. Hain zuzen, horiek osatzen duten Busturialdea taldeak gizonezkoetan zein emakumezkoetan uretaratu zituen traineruak.
26 traineruk lehiatu zuten gizonezkoen estropada, eta Busturialdea hamazortzigarren sailkatu zen; 22 minutu pasatxotan amaitu zituen lanak (22.00,39). Emakumezkoetan, berriz, 17 traineru uretaratu ziren. Busturialdekoak azken postuan (17.40,90) sailkatu ziren, Orio irabazlearengandik 2 minutu, 41 segundo eta 15 ehunenera.
Beteranoen estropadan ere aritu ziren Mundakakoak. 22 traineruen artean zortzigarren amaitu zuten Mundakako bisonteek. Club Chapelak irabazi zuen jaitsiera, 15 minutu, 9 segundo eta 53 ehuneneko markagaz, eta Mundakakoak lehenengoengandik 56 segundo eta 49 ehunenera.