Bigarren duatloia jarraian irabazi du Goitisolok
Joanes Goitisolo Otazua gernikarra izan da azkarrena Sopelako XV. Duatloian.
Bi asteburu eta bi garaipen. Aurrekoan Erandiokoa eta oraingoan Sopelakoa. Duatloi bietan azkarrena izan da Joanes Goitisolo Otazua gernikarra.
55 minutu eta 45 segundotan amaitu zuen Sopelako XV. Duatloia, zapatuan [otsailak 19]. Berarengandik 45 segundora geratu zen Iker Ortiz de Zarate Nuñez (Saltoki Trikideak), eta Lekeitioko Amandarri Triatloi Klubeko Aitor Regillaga Beloki sartu zen podiumera hirugarren postuan, Goitisolorengandik 53 segundora amaituta.
Gizonezkoetan 141 parte-hartzaile egon ziren, eta lehenengo 35ek ordubete baino gutxiagoan amaitu zuten duatloia. Urdaitri Motrivation TTlp Ekaitz Abad Amable 30. (59.33) eta Markel Esain Castañares 54. (01.02.45) sailkatu dira.
Emakumezkoetan Saltoki Trikideak klubeko Enara Oronoz Mateok irabazi zuen proba: 01.04.14. Jarraian, Goitisoloren Alusigma Peñota Dental triatloi taldeko hiru kide sartu ziren helmugan. Marta Sanchez Hernandezek eta Natalia Gomez Ruizek osatu zuten podiuma. Bigarren sailkatuak irabazlearengandik minutu 1 eta 9 segundora amaitu zuen, eta hirugarrenak 3 minutu eta 45 segundora. Iona Osa Larruzea sailkatu zen laugarren postuan (01.08.23).