105 urte bete ditu Maria Egiguren ondarrutarrak
Foruko egoitzan bizi da, eta han ospatu du urtebetetzea, senideen bisita eta guzti.
Maria Egiguren Argoitia 1917ko otsailaren 18an jaio zen Ondarroan. 105 urte bete dituela ospatzeko, omenaldi xume bat egin zioten barikuan [otsailak 18], Foruko egoitzan, Zorionak ixiko Maritxu leloan zeraman urtebetetze tarta eta guzti. Ondarrutarra 2020az geroztik bizi da egoitza horretan, eta bertako arduradunek esan dutenez, egoiliar zaharrena da.
Hurrekoekin, lagunekin eta egoitzako langileekin eta egoiliarrekin egun berezia ospatzeko aukera eduki zuen. Urtebetetze eguna ospatzeko, gainera, Miren eta Mila Gogenola bular-ahizpak ere eduki zituen alboan, baita haien senitartekoak ere. Mikel Magunazelaia Pinaga Foruko alkatea ere egon zen ospakizunean; herri horretako udal ordezkarien eta herritarren izenean zoriondu eta lora sorta bat oparitu zion. Egigurenek asko eskertu ditu jasotako bisitak eta zorion agurrak.