Mauri Ugartemendia Athleticeko jokalari ohia hil da
1953tik 1964ra bitartean jantzi zuen Athleticeko kamiseta Maurik, eta tarte horretan 259 partida jokatu zituen, 72 gol sartuz eta Liga bat eta hiru Errege Kopa eskuratuz. Astelehenean izango da hileta elizkizuna Gernikan.
Mauricio Ugartemendia Lauzirika Mauri Athleticeko jokalari ohia hil da. Bilboko futbol taldearen historiako erdilari handienetako baten modura gogoratuko dute futbol zaleek gernikarra. Hileta elizkizuna astelehenean izango da, 19:00etan, Gernikako Santa Maria parrokian.
1953tik 1964ra bitartean jantzi zuen Athleticeko kamiseta Maurik, eta tarte horretan 259 partida jokatu zituen, 72 gol sartuz eta Liga bat eta hiru Errege Kopa eskuratuz.
⚫ Mauri Ugartemendia hil da, 'Hamaika Baserritarren' talde mitikoko jokalaria.
— Athletic Club (@athletic_eus) February 18, 2022
Doluminak senideei eta hurbilekoei.
🙏 Goian bego, Mauri. #AthleticClub 🦁
Jose Maria Maguregirekin batera, zuri-gorrien historiako zelai erdi ezagunenetako bat osatu zuen, izan ere, zelaian oso ondo elkar ulertzen zen bikotea. “Zazpi denboraldiz jokatu zuten batera, eta lehen pertsonan bizi izan zituen hamarkada horretako arrakastak, Liga eta hiru Kopa eskuratuta”, zehaztu du Athletic Clubak.
Gernikarra bere indar fisiko eta nagusitasunagatik nabarmentzen zen, eta zelai erdiko jokalaria izan arren, batzuentzat garai hartako seigarren aurrelaria izan zen. Athletickek gogoratu duenez, bere golik “gogoangarrienetako” bat Real Madrilen aurkako 1958ko Kopako final “ospetsuan” sartu zuen, Ferdinand Daucik aulkian zela, Santiago Bernabeu zelaian, Arietak lehenengoa sartu eta hiru minutura: “Artetxek hasi zuen jokaldia eta ate aurrean errematatu zuen Maurik”.
Baserritarren hamaikakoa izenez ezagutzen zuten 50. hamarkada hartako taldea, zale zuri-gorriei hainbeste poz eman ziena; taldekide gehienak Bilbo inguruetako udalerrietakoak zirelako deitzen zieten horrela. “Carmelo, Etura eta Uribe dira oraindik Athleticeko talde hartatik bizirik daudenak”, adierazi du klubak.
Klubak doluminak helarazi dizkie Mauriren senideei eta hurbilekoei, eta jakinarazi du Athleticeko jokalariek besoko beltza eraman eta minutu bateko isilunea gordeko dutela domekan, Realaren aurka San Mamesen jokatuko duten partidan.