Lointek Gernika Bizkaia, ezustekoa emateko zorian
Atzoko Valencia Basketen kontrako partiduaren erdira arte, nagusi izan zen talde gernikarra; bigarren erdian, baina valentziarrek egoera irauli, eta garaipena eskuratu zuten.
Lointek Gernika Bizkaia Valencia Basketen kontra gailentzeko puntuan izan zen atzo, Malosten jokatutako partiduan. Norgehiagoka valentziarren aldeko 62-72ko markagailuagaz amaitu arren, Gernikako saskibaloi taldekoak aurretik izan ziren lehen bi laurdenetan; partiduaren erdibidean, baina, Gernika KESBkoen mailak nabarmen egin zuen behera, eta ez ziren gai izan Emakumezkoen Endesa Ligako 20. jardunaldiko partidu gogor horrek eskatzen zuen mailari eusteko.
Bi taldeek hasiera-hasieratik argi eta garbi plazaratu zituzten beren indarguneak: Lointek Gernika Bizkaiak Bjorklunden aukera baliatu zuen, hiruko jaurtiketa bana saskiratuta; Valencia Basketekoak, aldiz, Gil eta Allenen defentsa lanean oinarritu ziren. Lehendabiziko laurdenean, talde batek ere ez zuen erdietsi norgehiagokaren erritmoaren jabe izatea , eta, ondorioz, kirol zuzendari biek behin eta berriro aldatu zituzten joko osagaiak. Erasoaren ordez, defentsa egoera luzeak eta baloiaren jabetza nabarmendu ziren. Lopez Lointekeko entrenatzailearen arazo nagusiena, hasiera batean, Buchen falta pertsonala izan zen, zortzigarren minutuan eta markagailua 17-12an zegoela. Halaber, Itziar Ariztimuñoren hutsunea ere sumatzen du Lopezek, lesio bat tarteko. Arazoak arazo, 21-14 amaitu zan lehenengo laurdena.
Bigarren laurdenean, defentsarako joerak jarraitu zuen, baina Gernika KESBren erasoaldiek gora egin zuten, hein handi batean, Lashann Higgsi esker: maila oso altuan ibili zen. Era berean, Brcaninovicek ere agerraldi politak utzi zituen aldi horretan, hala nola, 13. minutuko hiruko jaurtiketaren saskiratzea. Bi minutu beranduago, Higgsek 36-22ra eroan zuen markagailua, hark ere hiruko bat sartuta. Baina, beste guztien gainetik, Lointek Gernika Bizkaia taldeak erakutsitako sendotasun kolektiboa nabarmendu zen bigarren aldian.
Nolanahi ere, valentziarrek egoera iraultzeko bidea abiatu zuten hirugarren laurdenean, eta partidua beste eszenatoki batean murgilduarazi zuten, batez ere, beren hiruko jaurtiketei esker. Bai Bjorklund, bai Higgs talde osoa euren lepoan hartzen saiatu arren, Valencia Basketen erasorako joera oso esanguratsua izan zen, eta Allenen 2+1 batek norgehiagoka 46an berdintzea lortu zuen, 23. minutuan. Hortik aurrera, bisitariek beren makinaren martxa guztiak sartu zuten, eta partiduaren gidaritzagaz egin ziren. Hirugarren aldia 53-61 amaitu zen; arazoak, harrezkero, larri samarrak ziren gernikarrentzat.
Azken laurdenak ere ildo beretik egin zuen: Valentziakoen maila agerraraziz. Lointek Gernika Bizkaiakoek euren maila zertxobait igotzea lortu bazuten ere, ez zen nahikoa izan. Bisitariek 5 eta 7 puntu arteko aldeari eusten zioten uneoro, etxeko taldeak bere jokoaren erritmoa, moldea eta eraginkortasuna aldatu arren. Higgsek burua altxatzeko eta partiduan presentzia berreskuratzeko azken saiakera bat egin zuen, baina ez zituen eskuratu lehendabiziko laurdenean izandako freskotasuna eta abilezia. Azkenean, 62-72: hamar puntuko aldeagaz, Valencia Basketentzat Malosteko partidua.
Lointek Gernika Bizkaia taldeko entrenatzaile Mario Lopezek bere jokalariek lehen bi aldietan izandako “joko bikaina” nabarmendu du: “Bi zati horietako estiloa asko gustatu zait; aurkariei ez diegu jokaldirik oparitu, eraginkorrak izan gara”. Ostean, taldearen mailak nabarmen behera egin duela aitortu du entrenatzaileak. Datozen partiduei begiratzeko unea da Lointek Gernika Bizkaiarentzat, eta, hain zuzen ere, hurrengo norgehiagoka etzi [otsailak 20] izango da, Movistar Estudiantes en Madrid taldearen kontra.