Alaine Agirreren 'Ane' liburua gaztelaniara itzuli du Irati Iturritza poetak
Alaine Agirreren Txandaka bildumaren parte diren 'Maren', 'Libe' eta 'Oier' liburuak itzultzeko asmoa ere iragarri dute; 'Pásalo' deituko da bilduma.
Alaine Agirre idazle bermeotarraren Txandaka bildumako azken liburua gaztelerara itzuli du Irati Iturritza poetak: Ane. Gaur aurkeztu dute itzulpena Donostian, eta bildumaren parte diren Maren, Libe eta Oier liburuak itzultzeko asmoa iragarri dute; Pásalo deituko da bilduma.
“Bildumak arrakasta handia izan du gazte eta helduen artean. Liburua osatzen duten lau liburuak berrargiratu egin dira, eta horregatik erabaki dugu bilduma osoa gaztelaniara itzultzea; Pásalo deituko da. Anerekin hasi gara, eta gure asmoa da beste lanak ere itzultzea”, azaldu du gaur Uxue Razquin Erein argitaletxeko editoreak.
Aneren aurretik kaleratu zituen Agirrek Maren, Libe eta Oier. Bakoitza bere ezaugarriekin, baina euren bidea deskrubitu nahian eta euren bizitza eraiki nahian dabiltzan lau gazte dira. Gazte literatura egiteko asmoz sortu zuen bilduma bermeotarrak, Erein argitaletxeagaz batera. “Maren liburuarekin hasi ginen, Marenek bere asmoei kasu egiten ikasi zuen, eta bere nahiak bi formatan gauzatu zituen: musikan eta lehenengo aldiz beste neska batekin maitemintzean”, azaldu du Agirrek. Libetaz maitemindu zen Maren, eta ildo horri jarraituta bigarren liburura salto egin zuen bermeotarrak, Maren eta Liberen arteko harremanean sakonduz. “Oier ezagutu genuen gero, ama hiltzen ari zaion gaztea. Amaren gaixotasunak eta minbiziak barne bidaia batean murgilduko du gaztea. Ane, berriz, unibertsitatean dago. Gurasoek jarri dute berea eta beretzat ez den egoera batean. Eta egoera horretan, arnasa hartu ezinik dagoela eta, utzi egiten ditu ikasketak. Beste modu batera eraiki behar du bere bidea. Pisu berria aurkitzen du eta pisukide izango ditu Mikel eta Aitziber. Pertsonaia berriak dira. Hala ere, jakingo dugu besteak nondik dabiltzan eta zertan ari diren”, zehaztu du udazleak.
Ane lau ataletan banatuta dago, urtaroka. Udazkenean hasten da eleberria, eta atal bakoitza kantu baten zita batekin hasten da. Agertzen diren pertsonaia berriak Aneri bere bidea egiten laguntzen diote: “Atziberrek Aneren kontrapuntu modura funtzionatzen du: ikasketetan buru-belarri ari da, egin behar duen hori egiten. Mikelekin, aldiz, hasieratik dauka konexio berezia”.
Agirreren berbetan, zalantzez eta galderez, noraezean pausoak ematen hasteaz eta norbere bizitza norberak eta ingurukoekin eraikitzeaz ari da liburua. Razquinek uste du bermeotarrak liburuan “oso ondo” biltzen dituela gazteek dituzten ardura eta erantzukizunak: “Nik askotan erreparatzen diet adin horretarako idazten ditugun liburuei, eta iruditzen zait batzuetan ahaztu egiten zaigula zein de gure publikoa. Baina ez da Alaineren kasua”. Dioenez, Ane liburuan idazleak egiten duen gauzarik “interesgarrienetako bat” irakurleekin sortzen duen lotura da, “gazteen uste eta zalantzak oso ondo transmititzen dituelako”.