Morgako Udalak martxan jarri du herritarren partaidetza bultzatzeko aplikazioa
Herritarren eta udalaren arteko komunikazio bide berri bat da ‘Morga Zabaltzen’. Udalaren webgunean jasotzen diren albisteak eskura edukiko dituzte herritarrek.
Herritarren informazio sarbideak hobetu guran eta herritareekin komunikatzeko tresna berrien bila, Morga Zabaltzen izeneko aplikazio berria jarri du martxan Morgako Udalak. Telefono mugikorretara jaisteko moduan dago Biscaytik fundazioak garatu duen aplikazioa.
Udalerriari dagozkion ekintza eta parte hartze prozesuetan herritarren partaidetza erraztea eta udalarekin elkarlanean aritzeko bide berriak eskaintzea du heburu aplikazioak. Azaldu dutenez udalaren webgunean jasotzen diren azken albisteak eskuratuko dituzte herritarrek, baita agendako ekitaldiak eta udalaren oharrak jaso ere.
Horrez gainera, herria zaintzen lagun dezakete Kalezaindu atalaren bitartez. “Doako tresna berri honen bidez, udalari modu arin eta eraginkorrean jakinarazi ahal diozue zerbait matxuratu, kaltetu edo apurtu den”, azaldu dute antolatzaileek.
Webgunea. Morga Zabaltzen egitasmoak aplikazioa ez ezik, webgune bat ere badauka: zabaltzen.morga.eus. Bertan, parte hartzeari eta gardentasunari buruzko azken berritasunak ikus daitezke, eta herritarrek aplikazioan egin dezaketen moduan, webgunearen bitartez ere, gertakariak bidaltzeko aukera izango dute.
Web atarian, gainera, gardentasunaren atala dago, eta bertan, udal kudeaketako daturik garratzitsuenak argitaratuko dituzte: aurrekontuak, udalaren osaera eta udal zerbitzuen gutunak, besteak beste.