Goikoetxearen eta Aimarren hautagaitzaren aldarrikapena
Jai Alai Winter Series txapelketako B multzoaren barruan, Goikoetxeak eta Aimarrek garaipen garrantzitsua lortu zuten Beaskoetxea eta Aldazabalen kontra, Jai Alai frontoia bete den gauean.
Astelehenetako Gernikako Jai Alaiko zesta punta hitzordua boladan dago. Atzoko partidua horren erakusle da: frontoia lepo bete zen Jai Alai Winter Serieseko B multzoko norgehiagoka ikusteko. Atzo, Iñaki Osa Goikoetxeak eta Aimar Aldazabalek Diego Beaskoetxearen eta Ibon Aldazabalen kontra jokatu zuten, eta lehenengo bikoteak txapelketa irabazteari begira daukan hautagai sasoia erakutsi zuen, hasiera-hasieratik. 800 laguneko edukiera beteta, 200 pertsona kanpoan geratu behar izan ziren; horrenbestez, datozen partiduei begira, antolakuntzak bost euroko sarrera ezartzea erabaki du. Sarrerekin lortutako etekin oro Gernikako Zesta Eskolara bideratuko da; datozen partiduetarako [otsailaren 21ean eta 28an] sarrerak Gernika Jai Alaiko web orrialdean daude salgai.
Atzoko norgehiagokan, Goikoetxeak eta Aimarrek set bi behar izan zituzten Beaskoetxea eta Aldazabal menpean hartzeko. Partiduaren interesgune esanguratsuenetakoa, hain zuzen ere, Aldazabal anaien artekoa izan zen; izan ere, Berriatuako anaiak elkarren aurka ibili behar izan ziren atzoko saioan. Gazteenak, Ibonek, ez zuen lortu jokoa bere eremura eroatea, berarengandik espero zen legez, eta bere anaia Aimarrek ondo eutsi zion. Aimarregaz batera partidu erraldoia egin zuena Goikoetxea izan zen: borondatetsu agertu zen saio osoan zehar, eta jokaldi bikainak burutu zituen. Lau jokalarietatik erregularrena, zalantza barik, hura izan zen.
Beaskoetxeari dagokionez, ez zuen aukera larregirik izan jokoan nahi bezala sartzeko, baina, dena dela, Goikoetxearen sakeetara bikain erantzun zuen tarteka. Bikote gorriak sei tanto egin zituen erreskadan set hasieran (0-2, 6-2), eta, ostean, Aimarrek eta Goikoetxeak tinko eutsi diote markagailuko nagusitasunari. Bigarren aldiak ere bide beretik egin zuen: Aimarrek eta Goikoetxeak maila altuari eutsi zioten, eta set erdian bost tantoko beste bolada bat egin zuten (6-4, 11-4). Bide batez, aipagarria izan zen Goikoetxeak Aimarri hainbat jokalditan emandako babesa, bere poastua frontoiaren atzeko koadroetatik aurreratuz; kolaborazio horrek, hain zuzen ere, Beaskoetxeari asko galarazi zion jokora sartzea. Gorrixken elkarlanak fruitua eman du: 15-7.
Atzoko norgehiagokaren ondoren, Goikoetxeak eta Aimarrek Beaskoetxea eta Aldazabalen besteko puntuak erdietsi dituzte B multzoan: launa. Beraz, bikote bi horiek finalaurrekoetara igaroko dira, baldintza bakarra ematen ez bada: Arbek eta Lopezek Goikoetxearen eta Aimarren aurkako partiduan [otsailaren 28an] bi set eta hutseko garaipena lortzea. Kasu horretan, aldeko tantoen kopuruak zehaztuko lituzke sailkatuko liratekeen bikote biak.
Hori orduko, baina, hil ala biziko beste saio bat hartuko du Gernika-Lumoko Jai Alaik, Winter Series lehiaketaren barrenean: datorren astelehenekoa [otsailaren 21a]. Txapelketako hautagaietako bi diren bikoteak elkarren kontra lehiatuko dira. Batetik, Barandika eta Lekerika; haien aurka, berriz, Olharan eta Etcheto. Hilaren 21eko saio hori kale edo bale izango da: partidu bakarrera. Ikusleak, hortaz, ikuskizun handi horren esperoan daude, eta, bien bitartean, Jai Alai Winter Serieseko jarraipenak gora eta gora baino ez du egiten.